"Talentua erakartzeko estrategia bateratu eta urgentea behar dugu, baita hazkunde, aberastasun eta enplegu gehiago erraztuko duen fiskalitate bat ere"

  • Confebaskek ohiko Kontseilu Nagusia egin du, eta, oraingo honetan, orain arte presidente izan den Isabel Bustoren lekua Tamara Yaguek hartu duela berretsi da.
  • Confebaskek dei egin die erakundeei Euskadik duen erronka demografikoari erantzun bateratu eta urgentea emateko.
  • Hamarkada honetan 140.000 pertsona erakarri beharko ditugu belaunaldien arteko erreleboa egiteko eta gure enpresen hazkundeari eusteko: diagnostiko ezagunetik soluzioetara igaro behar da, gaiari heltzeko.
  • Aurreikuspenaren arabera, aurtengo hazkundea %1'5 ingurukoa izango da, eta udazkenean jarduera moteldu egingo da, baina ez da atzeraldirik aurreikusten. Enpresek enplegua sortzeko edo mantentzeko asmoa adierazi dute nagusiki.
  • Enpresak kezkatuta daude pertsonak falta direlako, marjinak eta errentagarritasuna murriztu direlako, tasak igotzearen ondorioz finantzaketa gero eta zailagoa delako, eta Euskadin lan absentismo handia dagoelako. 
  • Erronken artean, Confebask ohartu da orientazioa hobetu behar dela adin txikienekoen artean, enpresa eta industria bokazioak sustatzeko, eta hazkunde, aberastasun eta enplegu gehiago erraztuko duen ikuspegi fiskal berri bati heldu behar zaiola, ongizate estatua finantzatzeko baliabide publikoak lortzeko bermerik onena den aldetik.
  • Hona hemen egungo erronkak gainditzeko ardatzak: aitorpen sozial handiagoa ematea enpresariei; akordioari eta elkarrizketa sozialari balioa ematea, emakumeen lidergoa eta lankidetza publiko-pribatua bultzatzea enpresa munduan.
Confebask

Tamara Yague eta Isabel Busto Confebaskeko batzar orokorrean (argazkia, Manu de Alba Confebaskentzako)

2023-07-19

Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak ohikoa duen udako Kontseilu Nagusia egin du, eta, bertan, orain arte presidente izan den Isabel Bustoren lekua Tamara Yaguek hartu duela berretsi da.

Tecuniko zuzendari nagusia eta Vinci Energies Españako Zuzendaritza Batzordeko kidea da Tamara Yague, eta Zuzenbideko lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, Aholkularitza Fiskaleko masterra edukitzeaz gain. Cebekeko presidenteordea da 2020tik, eta FVEMeko presidentea ere izan da.

 

Egoera

Kontseilu Nagusiaren aurrean emandako hitzaldian Tamara Yaguek adierazi duenez, urtearen hasierako aurreikuspenak gorabehera, “esan dezakegu ekonomia aurreikusitakoa baino hobeto joan dela”. Prezioak apalduz doaz arlo guztietan, baita energiarenean ere, eta Euskadiko BPGaren hazkunde aurreikuspena, 2023rako, %1’5 inguruan mantentzen da”.

"Izan ere, Adegik, Cebekek eta SEAk beren bazkideei egindako inkestetan islatzen den bezala, euskal enpresa gehienek –hamarretik zortzik– uste dute datozen hilabeteetan lanpostu berriei eutsiko dietela edo lanpostu berriak sortuko dituztela. Hain zuzen, hori da euskal enpresak bere gizartearekin duen konpromisoaren erakusgarri argia, ekonomiaren testuinguru globalari buruzko ziurgabetasuna gorabehera".

"Nolanahi ere, –jarraitu du– udazkenean jardueraren nolabaiteko moteltzea espero da, batez ere industriaren arloan, baina egia da ez dugula atzeraldian eroriko garenik aurreikusten”.

 

Kezkak

Egoera orokorretik harago, Confebaskeko presidenteak euskal enpresaren kezka batzuk azaldu ditu. "Alde batetik, gauza jakina da euskal enpresen enplegu eskaerei erantzuteko pertsona falta dagoela. Bestetik, gure enpresen errentagarritasuna: gehiago saltzen da, baina marjinak estuak dira. Prezioen gorakada orokorra moteltzen ari da, baina oraindik ez dago kontrolatuta".

"Era berean, azken urteetan kotizazio sozialek izan duten etengabeko gorakadak ere ez du laguntzen. Eta, azkenik, Euskadin dagoen lan absentismoak azterlanez azterlan erakusten duenez, Estatu osoko indize handienak dituen autonomia erkidegoa gara".

 

Erronka demografikoa eta orientazio profesionala

Gauzak hola, Tamara Yaguek gainditu beharreko zenbait erronka planteatu ditu. "Lehenik eta behin –ziurtatu du–, hor dago Euskadik duen erronka demografikoari herrialde mailako soluzioa emateko beharra. Bat egiten dugu aurreikuspen demografikoak direla-eta Eusko Jaurlaritzak erakusten duen kezkarekin, eta positibotzat jotzen ditugu Euskadin jaiotza tasa handitzeko onartutako neurriak”.

"Hala ere, uste dugu beharrezkoa dela neurri horiek osatzea, eta horretarako, lanerako pertsonak erakartzeko estrategia bateratu, adostu eta koordinatu bat edukitzea. Hamarkada honetan 140.000 pertsona inguru erakarri beharko ditugu martxan dagoen belaunaldi erreleboa egiteko eta gure enpresen hazkundeari eusteko. Aurreikuspenek adierazten dutena urgentea denez, diagnostiko ezagunetik gaiari heltzeko soluzioetara pasatu behar dugu”.

“Bigarrenik –jarraitu du Confebaskeko presidenteak–, beste erronketako bat da gure gazteen artean enpresa eta industria bokazioak sustatzea. LHn matrikulatutako gazteen % 25ek eta Unibertsitatean matrikulatutako gazteen % 55ek euskal enpresen beharretatik urrun dauden graduak aukeratzen dituzte. Eta kontuan hartu behar da batez bestekoa baino lan eta soldata baldintza hobeak eskaintzen direla. Deskonexio argia dago enpresek eskatzen dituzten profilen eta Euskadiko gazteen zati handi batek aukeratzen dituen ikasketen artean. Beraz, gaztetxoenen orientazioa hobetzeko tarte handia dago oraindik.

 

Fiskalitatea eta enpresa kultura berria

Halaber, Tamara Yaguek ohartarazi du beharrezkoa dela Euskadin begirada fiskal berri bati heltzea. "Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dizkigun eskumen fiskalak enpresa lehiakortasuna eta Euskadiren erakargarritasuna indartzeko baliatzea proposatzen dugu, bizi, lan egin, inbertitu eta enpresa berriak sortzeko. Azken batean, enpresa gehiago eta zergak ordainduko dituzten pertsona gehiago izatea sustatuko duen fiskalitate bat, ongizate estatua eta dagokion aurrerapen soziala finantzatzeko baliabide publikoak lortzeko bermerik onena izango dena".

Euskal enpresek dituzten erronkei buruz, Confebaskeko presidenteak bi aipatu ditu: "alde batetik, digitalizazioan, energia berriztagarrietan eta deskarbonizazioan inbertitzeko apustuari ezin diogu uko egin, lehiatzen garen munduko lasterketan erritmoa galdu nahi ez badugu behintzat".

"Eta, bestetik, trantsizio horiek erraztuko dituen enpresa kultura berri bat ezartzen jarraitzea. Ildo horretan, enpresa erakundeetan konpromiso hori gauzatzen dugu; horren erakusgarri, Adegiren ‘Fabrika’, Cebeken ‘EkinBarri’ eta SEAren 4.0 Lan Harremanak ekimen estrategikoen garapena".

 

Mezuak

Tamara Yaguek lau mezurekin amaitu du bere adierazpena: enpresariari aitorpen sozial handiagoa ematea, akordioari eta elkarrizketa sozialari balioa ematea, emakumeen lidergoa areagotzea enpresa munduan, eta lankidetza publiko-pribatua areagotu eta indartzea, "Euskadin gaudenok eta bisitariek gehien aitortzen diguten ezaugarrietako bat” baita.