“Euskal lan merkatuaren lehen seihilekoaren balantzea positiboa da”

  • Confebasken balorazioa, ekaineko datuak argitaratu ondoren
Pablo Martín

Pablo MartínConfebask

2023-07-04

Euskadik enplegu zifra errekorretan jarraitzen du milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin, gaur ezagutzera eman den Euskadiko Gizarte Segurantzako afiliatuen azken erregistroaren arabera. Zehazki, Gizarte Segurantzako afiliatuen zifra 1.002.954koa izan zen joan den ekainean, aurreko hilabetean baino 368 gehiago. Iazko hilabete berarekin alderatuta, euskal landunen kopurua 15.773 handitu da (+%1,60).

Lanbideren bulegoetako langabeen erregistroari dagokionez, ekainean ia 1.900 langabe gutxiago izan dira Euskadin, hau da, urte arteko jaitsiera -%5,61ekoa izan da.

Gauzak horrela, Pablo Martin Confebaskeko Ekonomia arduradunak komunikabideetan eman dituen azalpenetan esan duenez, “ezagutzen ditugun azken datuak kontuan hartuta, esan dezakegu Euskadiko enpleguaren eta langabeziaren bilakaeraren lehen sei hilabeteetako balantzea positiboa dela. Eta are gehiago, hazkunde ekonomikoaren maila motelduz joan dela kontuan hartzen badugu”.

Eta jarraitu du: “Izan ere, ekainean Euskadin erregistratutako langabezia datuei esker, 2008ko abenduaz gero, langabezia maila baxuenean gaude. Jaitsiera hori, gainera, jarduera sektore guztietan gertatu da. Gaur, duela urtebete baino ia 6.300 langabe gutxiago daude”.

Bigarren seihilekoari dagokionez, Pablo Martinen ustez, “itxaron egin beharko dugu, Europak moteltze prozesuan jarraitzen duen egiaztatu arte eta, gertatuz gero, horrek nola eragingo digun ikusi arte. Ziurgabetasun elementu asko daude oraindik, eta Alemania edo Frantzia bezalako herrialdeak, Euskadiko bezero nagusiak bi-biak, hazkunde laua edo pixka bat negatiboa izaten ari dira”.

Nolanahi ere, honela amaitu du Confebaskeko Ekonomia arduradunak: “Orain arte, euskal industria nahiko ondo moldatzen ari da hainbat gaitan, hala nola pandemia osteko egoeratik irteten”.