“Gaur gauean omentzen ari garenak bezalako pertsonei esker, euskal gizartea orain gizarte hobea da”

  • Tamara Yague Confebaskeko lehendakariaren adierazpenak ‘Korta Sarien’ aurtengo edizioaren banaketan
Korta

Confebaskeko lehendakaria, Tamara Yague, ezkerretik laugarrena, Adegi, Cebek eta Seako presidenteekin, sarituekin, Arantxa Tapia sailburuarekin eta Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioaren ordezkariekin (argazkia, Irekia)

2023-11-21

Aurtengo edizioan, hauek dira sarituak: Juan Luis Cañas, SEA-Arabako Enpresariek proposatuta; Ana Beobide Laucirica, CEBEKek aurkeztutako hautagaia; Julian Lazkano Uranga eta Tomas Letamendia Goenaga, ex aequo, ADEGIk aurkeztuta; eta Virginia Oregui Navarrete, Korta Bidetik Fundazioak proposatuta.

Sariak banatzeko ekitaldian emandako hitzaldian, Tamara Yague Confebaskeko presidenteak esan duenez, “saridunak nabarmendu egiten dira beren zintzotasunagatik, lanagatik, inplikazioagatik eta bizi diren gizartearen aldeko konpromisoagatik. Dakigunez, Joxe Mari Kortaren berezko balioak dira, zeina gaur hemen ohoratzen baitugu. Hain zuzen ere, beren proiektuaren alde egindako apustu irmoaren (arrisku pertsonal ikaragarriak barne) eta lortutako lehiakortasunaren ondorioz, herrialde honetako enpresariek inbertitu egiten dute, enplegua sortzen dute eta gure bizitza eta ongizate maila mantentzeko behar besteko baliabideak sortzen dituzte”.

Izan ere, inguratzen gaituen testuinguru internazional eta geopolitikoa gorabehera, Tamara Yaguek nabarmendu duenez, “euskal enpresa gehienek inbertitzen jarraitzearen alde egiten dute, baita enplegua mantentzearen alde ere. Beste behin ere, euskal enpresariak ausartak izaten ari dira, horrela, herrialdearen aldeko konpromisoa erakutsiz”.

Puntu horretan, Tamara Yaguek bereziki nabarmendu nahi izan du “enpresa konponbidearen parte izan dela, dela eta izango dela, ez arazoaren parte. Euskal enpresak zeregin erabakigarria du gaur egun ezagutzen dugun euskal gizartea sendotzen, gure inguruko herrialderik aurreratuenen garapen eta ongizate mailarekin.

Confebaskek eta bere erakunde kideek – Adegi, Cebek eta Sea –, euskal enpresaren erakunde adierazgarrienak garen aldetik, herrialdearekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta ongizate kolektiboari egiten diogun ekarpena aldarrikatzen dugu”.

Horrez gain, – jarraitu du Tamara Yaguek –, epe labur eta ertainean gainditu beharko ditugun erronkak arrakastaz gainditzen laguntzeko borondatea dugula adierazten dugu. Egungo testuinguruan, gaur saritutako bost lagunena bezalako adibideak erreferente bereziki baliotsua dira – amaitu du Confebasakeko lehendakariak–. Horiei esker, euskal gizartea orain gizarte hobea da”.