“Kontratazioko errekorretan gaude, eta gero eta zailagoa da behar ditugun pertsonak aurkitzea”

  • Confebaskeko Enplegu arduradun Carlos Peredak Euskalitek antolatutako mahai inguru batean parte hartu du
Confebask

Confebaskeko Carlos Pereda, eskumetik lehena, mahai inguruan (Argazkia, Euskalit)

2023-10-19

Kudeaketa Aurreratuaren Europako astea dela eta, Euskalitek, gai horretaz arduratzen den euskal agentziak, mahai inguru bat antolatu du "Pertsonen kudeaketa: talentua, adinkeria eta enpleguaren erronkak" izenburupean. Mahaian, HETEL Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteko presidente Julen Elgetarekin eta Orkestrako Mercedes Oleagarekin batera, Confebaskeko Enplegu arduradun Carlos Peredak parte hartu du.

Bere hitzaldian Peredak azpimarratu duenez, “euskal enpresen %76k esan digute arazoak dituztela behar dituzten pertsonak aurkitzeko, eta horrek, 107.000 lagun langabezian egonik, atentzioa ematen du. Kontratazioko errekorretan gaude –gehitu du–, eta gero eta zailagoa da behar ditugun pertsonak aurkitzea”.

Horrekin batera, Confebaskeko Enplegu arduradunak gogorarazi duenez, “demografiaren ‘bonba’ dago. Gero eta pertsona gutxiago jaiotzen da, eta 2008tik joera areagotu egin da. Baina, gainera, ‘baby boom’ belaunaldi handiari orain erretiroa hartzea tokatzen zaio. Eta Eustaten proiekzioak ez dira batere itxaropentsuak. Datozen 3 hamarkadetan lanerako adinean dauden 240.000 lagun inguru galduko ditugu”.

Panorama hori oinarri hartuta, Carlos Peredak uste du Euskadin ez dagoela 45 urtetik gorakoentzako lan diskriminazioko arazorik, eta Sara de la Ricak argitaratu berri duen Iseak Fundazioaren ikerlan bat ekarri du gogora: “ikerlan horrek 22. orrialdean dio Euskadin esperimentuaren emaitza espezifikoek ez dutela erakusten adineko hautagaiei buruzko diskriminazio argirik. Alderantziz baizik. Gainera, Euskadin inoiz ez dugu izan 45 urtetik gorako hainbeste pertsona lanean. Eta horrek horrela jarraituko du, lanerako adinean dagoen biztanleria zahartzen ari delako”.

Confebaskeko arduradunaren iritziz, “bada adina baino askoz ere garrantzitsuagoa den gako bat: prestakuntza maila. Lanbiden gaur egun enplegua eskatzen dutenen profila aztertzen dugunean, ikusten dugu ia %70ek ez dutela oso oinarrizko prestakuntzarik.  Horrela ulertzen dira paradoxa horren kausak”.

Eta, zentzu horretan, ohartarazten du: “kalitatezko enplegua sortuko duen ekonomia lehiakor bat nahi badugu, kualifikazio handiko pertsonak beharko ditugu mota guztietako lanpostuetan”.