Confebaskek 2024rako aurreikusi du Euskadin BPGak %1,6ko igoera izango duela, 2023koaren antzera, eta lehen hilabeteetan hazkundea oso laua izango dela

  • 2024ak arrisku urtea izaten jarraituko du, eta, horien bilakaeraren arabera, azkenean hazkundea %1,1 eta %2,1 artean egon daiteke.
  • Enpleguari dagokionez, aurreikuspenak betez gero, langabezia tasa %7 izatea eta Gizarte Segurantzan 13.000 afiliatu gehiago izatea espero da, milioi bat kotizatzaileren kopurua gaindituta.

  • 2024rako enpresen aurreikuspenek diote urtearen hasieran hazkundea oso laua izango dela, 2023koaren antzeko inbertsio mailarekin eta enplegu sorrera moderatuarekin.

  • Kostuen igoera handiak, langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunak, errentagarritasuna murrizteak eta finantzaketa garestitzeak kezka iturri izaten jarraitzen dute.

  • Euskal ekonomiak %1,6ko hazkundearekin itxiko du 2023a, Confebaskek duela urtebete kalkulatutakoaren ildotik, eta oso hazkunde txikiarekin azken hilabeteotan.

Confebask

Prentsaurrekoaren une bat (Argazkia, Olga Ruiz para Confebask)

2023-12-22

2024 BPGa eta enplegua

 Confebaskek %1,6 inguruko hazkundea aurreikusten du euskal ekonomian 2024rako, baina aurreikuspena arrisku ugariren menpe dago, eta horien bilakaerak markatuko du azkenean hazkundea, %1,1 eta %2,1 arteko urkila batean.

Aurreikuspenen arabera, euskal ekonomiaren hazkundeak oso laua izaten jarraituko du 2024ko lehen hilabeteetan, eta pixkanaka dinamismo handiago bati emango dio bidea, urteak aurrera egin ahala.

Sektoreka, 2024an, Eraikuntza eta Zerbitzuak amaitzear dagoen urte honen antzera mantenduko dira, eta Industriak erakutsiko du hazkunderik ahulena, baina 2023an baino portaera hobea izango du, Europako ekonomia eta merkatu globala pixkanaka dinamizatuko baita.

Enpleguari dagokionez, Confebaskek 2024rako aurreikusten du sortuko den enpleguarekin Gizarte Segurantzan 13.000 afiliatu berri egongo direla, eta, beraz, bigarren urtez jarraian, milioi bat kotizatzaile baino gehiagoren langari eutsiko litzaioke. Nolanahi ere, sortutako enplegu kopurua aurtengoa baino pixka bat txikiagoa da. 

Horrenbestez, eta aurreikuspen horiek betez gero, langabezia tasa %7ra jaitsiko da Euskadin, 2023ko amaierarako aurreikusitakoa baino puntu bat beherago eta Europako batez besteko tasaren gainetik.

 

Euskal enpresaren kezkak eta erronkak

Datorren urteari begira euskal enpresak gehien kezkatzen dituzten faktoreei dagokienez, eta gure erakundeek – Adegi, Cebek eta Sea – aldizka egiten dituzten inkesten arabera, mantendu egiten dira lan kostuen hazkunde handia, langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak (gehien handitzen ari den kezka iturria da), errentagarritasunaren murrizketa, eta banku finantzaketa lortzeko zailtasuna eta garestitzea, azken hori izanik gure inkestetan gehien hazten ari den bigarren kezka iturria.

Enpresek 2024rako dituzten erronken artean, hazkunde ekonomiko txikiko eta interes tasa altuko agertoki bat kudeatzea nabarmentzen da, inflazioa oraindik ere handia izanik. Era berean, erronka handia da abian diren trantsizioei ekiteko behar diren inbertsioak egitea eta Europako funtsek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea, finantzaketaren testuinguru garestiago batean.

 

2023 BPGa eta enplegua

2023. urteari dagokionez, urte honetan Confebaskek uste du Euskadi %1,6 haziko dela, duela urtebete aurreikusitakoaren ildotik doan zifra, aurtengo ezaugarriak izan direlarik inflazioaren inpaktuaren zama, interes tasen hazkundea, euskal ekonomiaren bezero nagusien ahulezia eta munduko merkatuen hazkunde baxua.

Dena dela ere, aurten Euskadik Gizarte Segurantzan 15.000 afiliatu gehiago dituela itxiko du ekitaldia, milioi bat enpleguren langa gaindituta, eta %8ko langabezia tasarekin, Lanbiden 3.000 langabe gutxiagorekin.

Sektoreka, 2023an Eraikuntzak eta Zerbitzuek izan dute bilakaerarik onena, eta Industriak, berriz, dezelerazio handia izan du, eta ondorioz, urtean oro har %0 inguruko hazkundea izango du.

Esportazioei dagokienez, kanpoko euskal sektoreak jaitsierak izan ditu urtearen erdialdetik, baina superabita hobetu du, faktura energetikoa moderatzearen ondorioz.

                                                          

Erronkak eta desafioak

Azkenik, prentsaurrekoan Confebaskeko presidente Tamara Yaguek, zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak eta ekonomiako arduradun Pablo Martinek gogorarazi duten bezala, “2024a ere arrisku handiko urtea izango da. Inflazioaren eta interes tasen bilakaera, Europan onartuko den zerga diziplinaren esparru berria eta Europako eta Ekialde Ertaineko gerra krisien bilakaera nabarmenduko dira”.

Enpresen aldean, berriz, lehentasunezkoa izango da kudeaketa eraginkor bat egitea, behar besteko baliabideak sortzeko eta inbertitzeko, eta orain abian diren trantsizioen erritmoan jarraitu ahal izateko. Confebaskeko presidente Tamara Yaguek gogorarazi duenez, “oreka puntua bilatu beharko dugu, merkatuan jarraitzeko aukera emango diguten inbertsioak egiteko beharra eta, era berean, abian dauden trantsizioei ekitea nola uztartzen dugun ikusteko, enpresen errentagarritasunak beheranzko joera duelarik”.

Ildo horretan – jarraitzen du –, joan den astean esan genuen bezala, Euskadin ‘next generation’ funtsen kudeaketa hurbil eta espezializatuago batek behin betiko bultzada eman diezaioke gure produkzio sarearen eraldaketari. Egutegia aurrera doa, eta ezin dugu zeregin horretan inbertitzeko euro bat ere galdu”.

Tamara Yaguek, bere hitzaldia amaitzeko, “euskal enpresak ongizate kolektiboari egiten dion ekarpenaren balioa” nabarmendu du, “egiten ditugun inbertsioen, sortzen dugun enpleguaren eta ordaintzen ditugun zergen bidez.  Eta ozen esan behar dugu oso harro sentitzen garela euskal gizarteari egiten diogun ekarpenagatik”.

TAMARA YAGUE CONFEBASKEKO LEHENDAKIAREN HITZAK HEMEN