“Euskal enpresok konpromisoa dugu lanbide heziketarekin, lehiakortasuna ematen digulako eta, gainera, gure gazteentzat kalitatezko irteera profesionala eskaintzen duelako”

  • Tamara Yagueren adierazpenak, Confebaskek antolatutako Euskal Enpresaren eta LHaren Ekitaldiaren 30. edizioan; estatu osoan ezaugarri horiek dituen bakarra da, eta, aurten, Europako Batzordearen ‘Europako Konpetentzien Urteko” ekitaldi gisa inskribatu da.
  • Azken 30 urte hauetan, Confebask lankidetzan aritu da urtean batez beste 9.000 enpresa baino gehiagotan 250.000 euskal gazteri baino gehiagori prestakuntza praktikoa emateko. 
  • Ekitaldira LHko 400 gazte inguru bildu dira –dagozkien diplomak eman zaizkie–, baita ikastetxeak eta elkarteak ere.
  • Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, LHko sailburuorde Jorge Arevalo eta saileko beste kargu batzuk ere izan dira.
Confebask

Tamara Yague, Confebaskeko lehendakaria, Jokin Bildarratz sailburua, Confebaskeko Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia, Asier Aloria, Heziketa, Talentua eta Enpleguaren zuzendaria, Jorge Arevalo sailuburuordea, eta Txema Corres, Confebaskeko Formakuntzako batzordearen presidentea (argazkia, Olga Ruiz, Confebaskentzat)

2023-11-29                                         

Confebaskeko lehendakari Tamara Yague, gaur goizean egin den euskal enpresa & LHko urteroko ekitaldian, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzi zuzendu zaio, hau adierazteko: “azken 30 urte hauetan bezala, Confebaskengan aliatu estrategiko bat duzu, gure gazteen heziketa, oro har, eta gure lanbide heziketa, bereziki, hobetzen jarraitzeko. Are gehiago Lanbide Heziketaren Lege Organiko berriak irudikatzen duen esparru berriaren ondorioz eraldaketa handiko garai bat biziko dugunean”.

Badakizu –jarraitu du Confebaskeko lehendakariak– euskal enpresok konpromisoa dugula lanbide heziketarekin, lehiakortasuna ematen digulako eta, gainera, gure gazteentzat kalitatezko irteera profesionala eskaintzen duelako”.

Eta Euskaldunan zeuden gazteei zuzenduta, Tamara Yaguek gogorarazi die “euskal enpresen enplegu eskaintza gehienen profila –erdiak baino gehiago– Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela, erdi mailakoa zein goi mailakoa izan. Beraz, ez izan zalantzarik, egon behar duzuen lekuan zaudete: punta-puntako eta eskaera handiko prestakuntza batean graduatu zarete. Eta, hain zuzen ere, Confebasken lankidetzan aritu gara urtean batez beste 9.000 enpresa baino gehiagotan prestakuntza praktikoa emateko zuek bezalako 250.000 euskal gazteri baino gehiagori”.

 

Enpresak

Enpresen zereginari dagokionez, Confebaskeko lehendakariak azpimarratu nahi izan duenez, “gure gazteen prestakuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu, are gehiago talentuaren gero eta eskasia handiagoa dela ikusita.

Denok ikasi behar dugu garai berrietatik, baita geuk ere. Lanpostu bat lortzea planteatzen duzuenean eskatzen duzuenari arreta handiagoa jarriko dion enpresa kultura bat sustatu behar dugu. Zorionez, ez gara zerotik abiatzen”.

Puntu horretan, gogorarazi duenez, “hamarkada batzuetatik hona, Euskadin, estatuko gainerako herrialdeetan ez bezala, LH dualak beti izan du enpresaren konturako ordainketa bat, euskal enpresak bere gazteen prestakuntzarekin eta enplegagarritasunarekin duen konpromisoaren adibide. 2012az geroztik –urte hartan jarri zen martxan egungo eredu duala– 27.000 gazte baino gehiago prestatu dira horretan, 17.000 enpresa baino gehiagotan.

 

Mugikortasun bekak eta euskara

Hitzaldian, aipamen berezia merezi izan du, halaber, nazioarteko mugikortasunak, Erasmus+ Europako programaren babespean. “Horri esker, eta Hezkuntza Sailaren, SEPIEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Lanbide Heziketako ehunka ikasle urtero atzerriko enpresetan praktikak egitera bidaltzea lortzen dugu. Azken urteotan ia 2.500 gaztek egin dute gurekin”.

Gainerakoan, Tamara Yaguek ez du amaitu nahi izan Euskadiko Lanbide Heziketan euskarak duen presentzia gero eta handiagoa aipatu gabe. “Ildo horretan, nabarmendu nahi nuke Lanekik euskarazko testuak eta materialak eskaintzeko betetzen duen zeregina, ikastetxeen eta enpresen prestakuntzan erabiltzeko. Aurrerapenak nabarmenak dira eta guztion meritua da; Laneki, ikastetxeak, enpresak eta ikasleak. Hain zuzen ere, aurrerapen hori ikusarazteko, aurten zigilu bat sartu dugu diplometan, prestakuntza euskaraz osatu dutenei hala osatu dutela egiaztatzen diena”.

 

LH estrategikoa eta erreferentea Europan

Azkenik, Confebaskeko lehendakariak euskal enpresek LHaren euskal ereduari ematen dioten garrantzia azpimarratu du. “Uste dugu Lanbide Heziketa estrategikoa dela gure lehiakortasunerako, enpresa eta herrialde gisa. Enpresen, erakundeen eta hezkuntza sistema osoaren inplikazioari esker, estatuan zein Europar Batasunean bertan erreferente den eredu bat finkatu dugu. Euskadin, enpresak eta Lanbide Heziketaren sistema proiektu komunaren, lankidetzaren eta konfiantzaren adibide gara”.

 

Aitortzak

Horrez gain, Confebaskek antolatutako Enpresa&LH ekitaldian, urtero bezala, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak Euskal Enpresen Konfederazioak enpresei eta instruktoreei egiten dizkien ohiko aitortzak jakinarazi ditu, “prestakuntzaren jardunean gehien nabarmendu direnen lana aitortzeko”.

Horiek hautatzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeen beraien balorazioak hartu dira kontuan”.

Oraingoan, eta enpresen atalean, errekonozimendua jaso dutenak izan dira MECANIZADOS VITORIA, SEA-Arabako Enpresek proposatuta; SARENET TALDEA, Cebekek proposatuta; eta LACOR-IBILI TALDEA, Adegik proposatuta.

Instruktoreei dagokienez, Confebaskek hauek errekonozitu ditu: DAVID ZAMORA, REM IRU METAL SOLUTIONSekoa (Araba); JOSE IGNACIO JUSTO, FAES FARMAkoa (Bizkaia); eta ALBERTO ANGUREL, AMEZTOY ANAIAKekoa (Gipuzkoa).

 

Diplomak

Azkenik, Confebaskek diplomak banatu dizkie Bilboko Euskaldunan urtero Euskadin lanbide heziketako titulu bat lortzen dutenen ordezkari gisa bildutako 400 gazte ingururi.

Bilboko Euskalduna izan da Enpresa&LH urteko galaren agertokia, Confebaskek 30. urtez jarraian antolatuta, Adegi, Cebek eta Sea elkarte kideekin lankidetzan, estatu osoan horrelako ezaugarriekin egiten den ekitaldi bakarra izanik. Diplomen banaketan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek ere parte hartu du, eta gazteei beren lan bizitzan zehar prestatzen jarraitzeko deia egin die.