"Ekonomia moteltzen ari da, eta espero izatekoa da, urtearen azken hilabete hauetan, lan merkatuak dinamismo txikiagoa izatea”

  • Confebasken balorazioa urrian erregistratutako langabezia eta okupazio datuei buruz 
Pablo Martín

Pablo Martín, orain dela gutxi, Legebiltzarrean izandako agerraldi baten 

2023-11-03

Urrian Euskadin erregistratutako langabeziari buruzko datuen arabera, 2.920 langabe gehiago daude aurreko hilabetearen aldean; enplegua sortzeari dagokionez, berriz, 13.675 kotizatzaile gehiago izan dira urrian, eta horrek berriro milioi bat pertsonatik gora kokatzen du zifra osoa, zehazki, 1.008.668 pertsonarekin.

Pablo Martin Confebaskeko Ekonomiako arduradunak hainbat komunikabidetan esan duenez, “kotizatzaileen kopuruak milioi bat pertsonako muga hori gainditu duen arren, langabeziaren datuak ez dira onak, ia 3.000 pertsonarekin hazi baita. Izan ere, Euskadin urririk txarrena da 2012. urteaz geroztik. Gainera, hazkundea jarduera-sektore guztietan gertatzen da”.

Hala ere, Pablo Martinek nabarmendu duenez, “irailarekin alderatuta egon den gorakada hori gorabehera, oraindik duela urtebete baino 2.100 langabe gutxiago ditugu”.

Alde positiboan, Confebaskeko Ekonomiako arduradunak adierazi duenez, okupazioak "errekorra egin du berriro, hilabete lehenago baino ia 14.000 afiliatu gehiagorekin, eta, lehen sektorean izan ezik, industrian, eraikuntzan eta zerbitzuetan berriro hazi da, eta, horrenbestez, duela urtebete baino 19.000 afiliatu gehiago daude”.

Edonola ere, Pablo Martinek ohartarazi du “enpleguaren hazkundea leunxeagoa” dela. Ekonomia moteltzen ari da, eta espero izatekoa da urtearen azken hilabete hauetan lan merkatuak iazko amaieran baino dinamismo txikiagoa izatea".