“Enpresariaren zereginak gaur egun duguna baino aitortza sozial handiagoa merezi du”

  • Confebaskek 400 gonbidatu inguruan izan dituen ekitaldi batekin ospatu du bere 40. urteurrena eta bertan izan dira lehendakaria eta Erregea

 

 
Confebask rey

Confebaskeko lehendakari ohiak, Adegi, Cebek eta Seakoak, Confebaskeko Tamara Yague, Antonio Garamendi, eta Urkullu lehendakaria, Erregearekin ekitaldi osteko argazki baten (Argazkia, Olga Ruiz, Confebaskentzako)

2023-10-09

Confebaskek, Euskadiko enpresa erakunde adierazgarrienak, ekitaldi bat egin du gaur Bilboko Guggenheim museoan, 40. urteurrena dela eta, non euskal erakunde, enpresa, politika eta gizarteko hainbat pertsona ezagun bildu diren.

Bertan izan dira, besteak beste, Errege jauna, Iñigo Urkullu lehendakaria, Antonio Garamendi CEOEko presidentea, eta Confebaskeko batzorde exekutiboa eta kontseilu nagusia, Tamara Yague presidentea buru zutela.

Bere hitzaldian, Confebaskeko presidenteak “Confebasken 40 urteak” gogoratu ditu, “euskal enpresaren ahotsa – enpresa txikia, ertaina, handia... sektore, izaera juridiko eta jarduera guztietakoak – erakundeetara, beste gizarte eragile batzuetara eta, oro har, euskal gizartera eramaten, gure enpresen lehiakortasuna eta, horrekin batera, ongizate kolektiboa hobetzeko”.

Eta, zeregin horretan, Tamara Yaguek ezaugarri bat azpimarratu du, “gure ondarearen parte izaten jarraitzen duena: lankidetza publiko-pribatua. Gure gizartea hobetzeko konpromisoan oinarritutako lankidetza bat, akordioa duena ezaugarri nagusi”.

Confebaskeko presidente ohiek une bereziki zailetan erakundea gidatzeko erakutsi duten “konpromiso pertsonala” eskertu ondoren, Tamara Yaguek omenaldia egin nahi izan die “terrorismoaren urte amaigabeetan hainbeste eskaini eta sufritu zuten gizon-emakumeei”.

 

Enpresaren ekarpena

Halaber, Confebaskeko presidenteak nabarmendu nahi izan du “euskal enpresak ongizate kolektiboari egindako ekarpena oso garrantzitsua izan dela eta dela.  Gure egungo ongizate maila, azterketa guztien arabera Europako estandar handienen parekoa dena, ez da kasualitatearen ondorio. Enpresarien apustuaren ondorioa da, hiru hitzetan laburbiltzen den apustu batena: ekintzailetza, lana eta konpromisoa. Enpresariaren zereginak gaur egun duguna baino aitortza sozial handiagoa merezi du”.

Argi gera dadila – amaitu du . Enpresa balio segurua da. Ezin da ulertu gizarte garatu eta moderno bat enpresarik eta enpresaririk gabe. Gizarte batek ez duelako aurrera egiten lehiakorrak diren, zergak ordaintzeko etekinak sortzen dituzten eta enplegua sortzen duten enpresarik gabe. Enpresa eta bere pertsonak beharrezkoak dira gizarte hobea izateko. Euskadin, zehazki, aspalditik ari gara hori erakusten. Are gehiago egoerarik zailenetan”.

Ondoren, Antonio Garamendi CEOEko presidenteak hartu du hitza, eta honek ere enpresaren lana indartzeko mezua berretsi du, euskal enpresak beretako gizarteari egiten dion ekarpena nabarmenduz.

Ildo horretan, Gonzalo Sanchez PwC Españako presidenteak zifra zehatzekin kokatu du enpresek Euskadiren aberastasunari egiten dioten ekarpenaren garrantzia. Aurkezpenean, “nazioartekotzearen, I+G+Bko inbertsioaren, unibertsitatearen eta enpresen arteko jarduera errazten duen ekosistema bat egotearen eta ospe handiko LH baten alde egindako apustua” nabarmendu du, eta, azkenik, “lankidetza publiko-pribatu sendoa”.

 

Enpresen eta instituzioen parte hartzea

Jardunaldian herrialdeko enpresa nagusietako presidenteak eta goi zuzendariak izan dira, eta, gainera, mahai inguru bat eskaini da, partaide hauekin: Mario Ruiz-Tagle, Iberdrola Españako CEO, Andres Arizkorreta, CAFeko presidentea, eta Jesus Arregui, SNAP-ON multinazional iparramerikarreko presidenteorde seniorra, zeinak Europarako egoitza Gasteizen duen. Eztabaida Zucchetti Españako zuzendariorde nagusi eta Confebaskeko presidente ohi Isabel Bustok gidatu du.

Gainera, Confebasken 40. urteurrenean, omenaldi berezia egin zaie Confebaskeko zortzi presidente ohiei: Jose Maria Vizcaino – 2005ean hil zen –, Baltasar Errazti, Roman Knörr, Miguel Lazpiur, Miguel Angel Lujua, Roberto Larrañaga, Eduardo Zubiaurre eta Isabel Busto. Baita Confebasken enpresen erakunde fundatzaileei ere: Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA-Arabako Enpresak (Araba).

Azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du jardunaldia, eta Erregeak esan ditu klausura hitzak, 40 urte hauengatik Confebask zorionduz.