“Confebasken 26 urte daramagu Euskadiko Lanbide Heziketaren urteko ekitaldia egiten, bakarra estatu osoan, horren aitortza soziala sustatzeko”

  • Confebaskeko Asier Aloriaren adierazpenak CEOEk eta Bertelsmann Fundazioak LH dualari eta enpresa erakundeen rolari buruz egindako jardunaldian
confebask

Asier Aloria, Jorge Arévalo eta Irune Saez de Vicuña 

2021-04-07

Asier Aloria Confebaskeko Prestakuntza, Talentu eta Enplegu zuzendariak 'online' ekitaldi batean parte hartu du gaur goizean, CEOEk eta Bertelsmann Fundazioak antolatuta, LH dualaren dinamizazioan enpresa erakundeek duten rolari buruz. Confebasken eta LH dualaren euskal eredua, hain zuzen ere, 'arrakasta kasu' gisa aurkeztu izan da.

Testuinguru horretan, eta konektatutako bostehun pertsona baino gehiagoren aurrean, Asier Aloriak hiru 'k-'-en garrantzia azpimarratu du: "kolaborazioa, kontsentsua eta konpromisoa. Baterako lan publiko-pribatua, orain dela 30 urte baino gehiagokoa, Euskadiko LHa hobetzeko. Denbora eta lan handia eskaini dugu Euskadiko enpresa sareari egokitutako lanbide heziketa malgu bat eskaintzeko, enpresa sektore eta  neurri guztietarako egokia. Eta hori lortu da, hein handi batean, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko ikastetxeen sarearen eskutik ─ HETEL, Aice-Izea eta Ikaslan ─, eraikita zegoenaren gainean eraiki dugulako. Beti aurrera egiten, aurrekotik ezer suntsitu gabe, erakundeen kolore politikoa aldatu bada ere. Denok ulertzen dugu herrialde apustu estrategikoa dela ".

Hain zuzen ere, LHari buruz eta, zehazki, dualari buruz, Asier Aloriak esan duenez, "altxor txiki bat daukagu. Gure helburua da Euskadin enpresa bakar bat ez egotea LHak egin diezaiokeen ekarpen positibo guztia ezagutzen ez duena. Eta horretan ari gara”.  

Dituen onuren artean, Confebaskeko Prestakuntza, Talentu eta Enpleguko zuzendariak azpimarratu du “kalitatezko prestakuntzaren aldeko apustua, enpresaren lehiakortasuna hobetzen baitu, ikasleak enpresak eskatzen dituen konpetentzietan prestatzen dituelako; gainera, Euskadiri dagokionez, ikasleei lansaria ematen die kasuen %100ean, Prestakuntzako kontratu berezi baten bidez, edo beken bidez, betiere enpresak ordainduta”.

Halaber, eta Euskadiko LHa hobetzeko estrategia bateratuaren barruan, Asier Aloriak azpimarratu du garrantzitsua dela “LHaren aitorpen sozialean sakontzea. Guk beti uste izan dugu hori funtsezkoa dela, eta, horregatik, duela 26 urtetik hona, Euskadiko LHaren urteko ekitaldi bat egiten dugu, zeinean enpresa, trebatzaile, ikastetxe eta ikasleei jendaurrean aitortzen diegun arlo horretan egiten dituzten praktikarik onenak. Mila lagun inguru elkartzen gara, eta ikasleen ordezkaritza bati diploma ematen diogu, estatu osoan horrelako ezaugarriak dituen ekitaldi bakarra den 'graduazio zeremonian'. Gure ustez, graduak eta ikasleak balioesteak LHan gero eta gazte gehiago sartzea sustatzen du, eta, ondorioz, enpresetan talentu berria sartzea ".

Confebaskeko Prestakuntza, Talentu eta Enplegu zuzendariarekin batera, Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak eta Irune Saez de Vicuña IPM Rubi euskal enpresako Pertsonen zuzendariak ere parte hartu dute LH dualaren euskal eredua azaltzeko.

Bere hitzaldian, sailburuordeak azpimarratu duenez, besteak beste, "oso lankidetza sakona dago Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren, enpresa erakundeen eta prestakuntza zentroen eta enpresen artean. Hori da Euskadiko LHaren sistemak funtzionatzeko sekretua".

Irune Saez de Vicuñak, berriz, Tubacexen eta orain IPM Rubi enpresan Giza Baliabideetako zuzendaritzan izandako esperientziatik, hau gaineratu du: "Euskadiko Lanbide Heziketa beti izan da funtsezko zutabea enpresentzat. Eta Euskadiko LH dualaren ereduaren arrakastaren gakoa egokitzeko gaitasuna da. Eskua jaso eta, enpresa txiki eta ertainak beste erakunde batzuetan bermatu daitezke, ondoen egokituko zaien eredu Duala sortzeko". Saez de Vicuñak eta Jorge Arevalok berariaz aitortu dute Confebaskek prozesu horretan jokatzen duen rola.

LH Dualari eta enpresa erakundeen zereginari buruzko jardunaldiarekin batera Gida metodologikoa eta praktika onena plazaratu da, CEOEk eta Bertelsmann Fundazioak “El impulso de la FP Dual desde las organizaciones empresariales” izenarekin argitaratuta. Argitalpena LH Duala bultzatu nahi duten bitarteko erakunde guztiei zuzenduta dago, baita bazkideen artean prestakuntza modalitate horretako proiektuak sortu eta garatu nahi dituztenei ere.

IKUSI HITZALDIA 55. MINUTUTIK AURRERA