Urtea jaitsierekin hasi da Euskadin enpresen zein autonomoen kopuruari dagokionez, urtarrilean gertatu ohi den bezala

  • Confebasken azken buletina Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresa kopuruaren bilakaerari buruz
empresas Euskadi

2020-02-14

Confebaskek Euskadiko enpresa sarearen bilakaerari buruz argitaratu duen azken buletinean irakurri daitekeenez, 2020. urtea jaitsierekin hasi da, bai enpresa kopuruari dagokionez, bai autonomoenari dagokionez, nahiz eta, urtarrilean gertatu ohi denez, bilakaera normaltzat jo daitekeen.

Gizarte Segurantzan guztira inskribatutako enpresak, urtarrilean, 58.437 ziren, hau da, abenduan baino 521 gutxiago. 2019ko urtarrilarekin alderatuta, 303 enpresa gutxiago daude, eta horrek esan nahi du urtearteko jaitsiera -%0,5ekoa izan dela. Baina, halere, esan dugunez, aurreko urteetakoen antzeko urtarrila izan da, hilabete horretan ohikoa izaten baita enpresa kopurua murriztea.

Berriro ere, aurreko urteko hilabete berdinarekin alderatuta, Eraikuntza sektorean hazi da gehien enpresa kopurua azken 12 hilabeteetan (+%1’7), beste sektoreetako konpainien egoera bestelakoa izanik: Zerbitzuak (-%0’6) eta Industria (-%1’1). Estatuko batezbestekoarekin alderatuta, azken urtean Euskadin enpresa kopuruaren jaitsiera ez da hain nabarmena izan: -%0’5 eta -%0’7.

Autonomoen kopuruari erreparatuta, urtarrilean 170.190 pertsona zeuden erregistratuta, 2019ko urtarrilean baino 1.374 gutxiago, urtearteko jaitsiera -%0,8koa izanik. Aitzitik, konpainia kopuruarekin gertatu den bezala, azpimarratu daiteke jaitsiera hori ohikoa izaten dela urtarrilean.

Azkenik, 2019an hartzekodunen konkurtsoan sartu diren enpresen kopurua, guztira, 271 izan da, aurreko ekitaldian baino %8 gehiago; edonola ere, kopuru hori azken urteetako batezbestekoaren pare kokatzen da, urteko zifra 250 eta 300 enpresa artean ibiltzen baita.