“Pandemiaren ondorioz, kasu askotan, digitalizaziorako eta 4.0 Industriarako aurreikusitako epeak eta denborak nabarmen aurreratzen ari dira”

  • Elkarrizketa SPRIko zuzendari nagusiarekin Confebasken Newsletter berri baterako  4.0 Industrializazioari eta digitalizazioari buruz (ikusi hemen)
Aitor Urzelai

Aitor Urzelai, SPRIko zuzendari nagusia (Argazkia SPRI)

2020-11-10

Confebasken 4.0 Industriari eta digitalizazioari buruzko Newsletter berrirako egindako adierazpenetan (ikusi hemen), SPRIko zuzendari nagusi izendatu berriak, Aitor Urzelaik, errepasoa egin du enpresen eraldaketa digitalerako eta 4.0 Industria esaten zaionaren sustapenerako martxan jarritako programa ugarien inguruan, baita orain arte horiek izan duten harreraren inguruan.

Eta, ildo horretan Urzelaik adierazi duenez, “pandemia hainbat sektore eta enpresaren inbertsioa eta merkatuen dinamismoa moteltzen ari bada ere, zehazki digitalizazioaz eta 4.0 industriaz hitz egiten badugu, nik esango nuke bizitzea egokitu zaigun egoera hau prozesu horiek bizkortzen ari dela, batzuetan halabeharrez, eta beste batzuetan sortu den aukera baliatuz. Baina errealitatea da kasu askotan aurreikusitako epeak eta denborak nabarmen aurreratzen  ari direla”.

Elkarrizketa horretan, SPRIko zuzendari nagusiak balioetsi egin du Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak egindako lana, “urteak baitaramatzagu kontzientziatzen eta babes ekonomikoa ematen teknologia berriak ezarri daitezen eta Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzen lagundu dezaten. Hor daude Basque Digital Innovation Hub, Renove Industria 4.0, Basque Industry 4.0, Industria Digitala, Zibersegurtasun Industriala eta horrelako programak. Eta egia da, oro har, programa horiek oso harrera ona izaten ari direla”, pisu espezifiko handiarekin enpresa txiki eta ertainetan.

Aitor Urzelairen  iritziz, gaur egungoa bezalako testuinguru batean, “gure enpresen eta eragile zientifikoen expertisea eta know-howa baliatu behar dugu, lankidetza publiko-pribatu efiziente baten bitartez, gai izan gaitezen munduan bizkor posizionatzen eta, horrela, kalteak minimizatzen eta aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzen”.

SPRIko zuzendari nagusiarekin egindako elkarrizketa osoa Confebaskek 4.0 Industrializazioari eta digitalizazioari buruz atera duen Newsletter berrian irakurri daiteke (ikusi hemen), eta, gainera, euskal enpresen eskura jarritako programa guztien laburpen bat ere badago, baita Confebaskeko erakunde kideek – Adegi, Cebek eta Sea bultzatutako jarduerak eta ekimenak ere, arlo horren etengabeko hobekuntzarako eta euskal enpresak gehiago inplikatzeko.