Confebaskek %3ra igo du euskal ekonomiaren hazkundeari buruz egindako aurreikuspena, 20.000 enplegatu gehiagorekin

Aurten, Euskadin 75.000 kontratu mugagabe formalizatuko dira, zifrarik altuena 2007tik, eta espero da industria izatea sektore aktiboena, laugarren urtez jarraian

comité Confebask

Susana Quiñones, Eduardo Aretxaga, Roberto Larrañaga, Iñaki Garcinuño eta Pascal Gómez 

(Argazkia Manu de Alba)

Kontseilu Orokorraren bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan, Roberto Larrañaga Confebaskeko lehendakariak adierazi duenez, “jardueraren azken datuak aztertu eta gero, erabaki dugu euskal ekonomiak 2017an izango duen hazkunderako egin dugun aurreikuspena gorantz berrikustea, %3raino, aurreko aurreikuspenean baino bost hamarren gehiago”.  Sortutako enplegua  ere igotzen da, eta, gehitu duenez, “2017 hau Gizarte Segurantzako 20.000 afiliazio berrirekin itxiko dugu,iazko abenduan esan genuen baino  4.000 gehiagorekin”.

                Bai Confebaskeko lehendakariak, bai Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak, azpimarratu dute hazkunde hori, bai jardueraren arloan BPGari dagokionez, bai enplegua sortzeari dagokionez, “ekonomia errealera” eramaten ari dela, hobekuntza nabarmenak izanik langabeziaren jaitsieran,eta  kontratazio mugagabeen eta soldaten igoeran.

                Ildo horretan, gogorarazi dutenez, 2017 honen amaierarako aurreikusi dugu Euskadin 75.000 kontratu mugagabe formalizatzea, hau da, zifrarik altuena 2007az geroztik. Gainera  –gehitu dute–, behin-behinekotasun indizea krisiaren aurretik zegoena baino txikiagoa da, izan ere, gaur-gaurkoz, 10 langiletik 8k kontratu mugagabea dute, sektore publikoaren portzentajea baino 10 puntu gorago”.

                Soldatei dagokienez, Roberto Larrañagak aipatu duenez,  “enpresa hitzarmenetan aurtengo aurreikusitako batez besteko hazkundea %1,6tik gora egongo da sektore pribatuan. Soldatak enpresen eta sektoreen lehiakortasunaren arabera igotzen ari dira dagoeneko. 'Dekretu’ bidezko igoera orokorra nahi izatea, egoera zehatzari erreparatu gabe, askorentzat lehiakortasun galera larria izan liteke, etorkizuna arriskuan jarriz’.

                Azken asteotan ezagutu diren kasu zehatzak gorabehera, kontua da aurreikuspenek diotela industria izango dela, laugarren urtez jarraian, euskal ekonomiaren sektorerik dinamikoena, %3 baino gehiagoko hazkundearekin batez beste. Eta, erronkei dagokienez, Euskadiko “moteltze demografikoa” azpimarratu du, izan ere, proiekzio demografikoen arabera, epe laburrera biztanleria aktiboa nabarmen jaistea eragingo du: 2020an legealdia amaitzen denerako 60.000 lagun gutxiago egongo dira lan egiteko adinean.