Confebaskek Herrialdeko akordio handi bat planteatu du Euskadiren berrikuntza sakon eta eraldaketa lehiakor baterako, funts bereziekin

  • Proposamena Kontseilu Orokorra elkartu eta gero aurkeztu du, eta Adegi, Cebek eta Seak ere parte hartu dute

 

  • Aurtengo lehentasuna da ekonomiari eustea eta berraktibatzea, baina, gainera,  aukera baliatu beharko litzateke Herrialdea sakon berritzeko eta eraldatzeko, 1983ko uholdeen ondoren egin zen bezala

 

  • Egonkortasun instituzionaleko egungo koiuntura, Kontzertu Ekonomikoa eta finantza publiko saneatuak, Europan lortu berri den akordioarekin batera, aldeko elementuak dira agenda bat hitzartzeko premisa bikoitz horrekin: krisiaren irteera eta berrikuntza sakona.

 

  • Confebaskek euskal enpresak inbertitzeko eta arriskatzeko duen konpromisoa gogorarazi du, ekonomia eta enplegua berreskuratzeko, elkarrekin lan egiteko, krisitik batera ateratzeko eta erantzunkidetasun soziala barneratzeko, eskubideei eta betebeharrei dagokienez

 

  • Confebaskek aurreikusten du euskal ekonomia %9 inguru jaitsiko dela, eta, bere elkarte kideek egindako azken inkestaren arabera, euskal enpresen %90ek atzeraldian edo geldirik ikusten dute euren merkatua
confebask

Adegi, Cebek eta Seako lehendakariak, Confebaskekoarekin eta beraren Zuzendari Nagusiarekin, prentsaurrekoa hasi aurretik (Argazkia, Manu del Alba)

2020-07-23

Confebaskek eta bere elkarte kideek – Adegi, Cebek eta Sea – planteatzen dute Covid-19ak eragindako krisia aprobetxatu behar dela, 1983an sufritutako uholdeetan egin zen bezala, herrialdearen berrikuntza sakonari eta eraldaketa lehiakorrari ekiteko.

 

Lehentasunak eta berrikuntza lehiakorra

Kontseilu Orokorra elkartu eta gero komunikabideei egindako adierazpenetan, Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek ziurtatu duenez, “datozen hilabeteei begira, Euskadiren lehentasunak izan beharko lirateke, alde batetik, gastu publikoko eta zorpetze bereziko politikak, enpresak salbatzeko, enplegua salbatzeko. Hori izan beharko litzateke lehentasuna. Aurten eustea, datorrenean berraktibatzeko…Baina, gainera -jarraitzen du-, aukera aprobetxatu beharko genuke Euskadiren berrikuntza eta eraldaketa lehiakorrari ekiteko, beste katastrofe batean egin zen bezala, hura naturala izan bazen ere, 83ko uholdeetan.

Confebaskeko lehendakariak sakondu duenez, kontua litzateke “herrialdea eraldatzeko agenda bat, denon artean onartua, bertako akordio interinstituzional eta sozial zabalen bitartez, eta, funts bereziz hornituta, gure ekonomiaren transformazioa bultzatu ahal izateko, oinarritzat hartuta 4.0 industria, digitalizazioaren eta berrikuntzaren sustapena, edo eraldaketa energetikoa.

Eduardo Zubiaurrek zehaztu duenaren arabera, funts horiek erabili litezke “inbertsio eraldatzaileak egiteko, enpresa estrategikoak sustraitzeko eta hazkundea sustatzeko , tokiko eskaria aktibatzeko edo bereziki zigortutako enpresak eta sektoreak sendotzeko.

Finean, -amaitzen du- herrialdeko itun handi bat, gure enpresen lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren aldeko ingurune ekonomiko eta sozial bat sustatzeko, eta lehiakortasun horri, ekintzailetzari eta enpresen hazkundeari oztopoak kentzeko”.

 

Aukerak

Ildo horretan, Eduardo Zubiaurrek gogorarazi duenez, “krisi garaia bizitzen ari gara, baina baita aukera garaia ere… tresna egokiak erabiltzen asmatzen badugu. Hau da unea. Eta hiru mailatan:

Euskadin finantza publikoak saneatuta daude, eta Kontzertu Ekonomikoa bezalako tresna bat edukitzeak dakarrenarekin batera, aukera izan beharko genuke modu berezian eta arduratsuan zorpetzeko, krisiari aurre egiteko eta bertatik indartuta ateratzen saiatzeko.

Bi: instituzioetan daukagun egonkortasuna.

Eta hiru: Europan lortu berri den akordioa, orain bai, egoerak merezi bezalakoa. Kontsentsua berez da historikoa, baina baita ere herrialdeen eskura mobilizatu den diru kopuruagatik. Europar Batasunean aurrekaririk gabeko aukera bat da, indartuta ateratzeko, planteatu dugunaren ildoan. Herrialdeko agenda bat, bi premisa hauekin: krisiaren irteera eta berrikuntza”.

 

Koiuntura

Euskadirako aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, Confebaskeko lehendakariak esan duenez, “gure aurreikuspena da Euskadin BPGa %9 inguru jaitsiko dela, eta langabezia tasa, 2020ko amaierarako, %15en bueltan egongo dela, eta abenduan 45.000 enplegu gutxiagorekin iazko abenduarekin alderatuta.

Egia da analistak ados daudela, eta ezagutzen diren adierazle aurreratuek ere horrela diote, datorren urterako goraldi bat egongo delako aurreikuspenarekin… baina, edonola ere, ez da aurtengo jardueraren eta enpleguaren jaitsiera guztia konpentsatzeko lain izango.  Zantzu guztien arabera, datorren ikasturtea, kasurik onenean, oso konplikatua izango da”.

 

Enpresen inkesta

Ildo horretan, ConfebaskekAdegi, Cebek eta Sea gure elkarteekin lankidetzan, inkesta bat egin du ekaineko azken astean eta uztaileko lehen asteetan, 900 enpresa inguruk erantzun dute, hau da, %90ek,  eta, merkatua atzeraldian edo geldirik ikusten dutela erakusten dute.

Merkatuari buruzko pertzepzioari dagokionez, 10 euskal enpresatik ia 6k espero dute datorren 6 hilabetean atzeraldi edo atzeraldi handiko egoera horrek jarraituko duela, eta, berez, antzeko ehuneko batek (%62) uste du susperraldiari urtebete edo gehiago kostako zaiola iristea.

Plantillei dagokienez, inkestatutako 10 enpresatik 6k adierazi dute datozen hilabeteetan langile taldea mantenduko dutela. Baina soilik %4k aurreikusi dute enplegua handitzea; iazko abenduan ehuneko hori ia %32koa zen.

Dituzten kezka nagusiei dagokienez, hauek dira, hurrenkera honetan: Espainiako ekonomiaren ahultasun handia (4 enpresatik 3), nazioartearen ahultasuna eta salmenten errentagarritasun txikiagoa (4tik 2) eta bezeroen berankortasuna (10etik 4).

Inbertsioen atalean, hamar enpresatik hiruk (%27) baino ez dute aurreikusten Covid-19aren krisiaren aurretik zuten plana mantentzea.

 

Enpresen konpromisoa

Horrenbestez, Eduardo Zubiaurrek amaitzen du: “lankidetzan aritzeko eta aurrera egiteko beharrezkoa izango den esfortzu indibidual eta kolektibo handiarekin solidarioak izateko garaia da. Confebask garen heinean, eta euskal enpresa garen heinean, krisi hau atzean utzi ahal izateko konpromiso argi eta irmoa dugu inbertsioarekin, suspertze ekonomikoarekin eta enpleguarekin, elkarrizketarekin eta akordioarekin.  Eta egunez egun erakusten dugu hori gure enpresetatik”.