Confebaskek %5,9ko hazkundea eta enpleguaren maximo historikoa izateko aukera aurreikusten ditu 2022rako

  • 2022an, euskal ekonomiak aurtengoaren antzeko hazkundearekin jarraituko du, eta langabezia tasa %8 ingurura jaitsiko da, covidaren aurretik zegoenaren azpitik.

 

  • Enpleguari dagokionez, aurreikuspenak betez gero, Gizarte Segurantzan 25.000 afiliatu gehiago izatea aurreikusten da, milioi bat kotizatzaile baino gehiago lortu arte, eta horrek Euskadiko enpleguaren maximo historiko bat ekarriko luke.

 

  • Enpresen aurreikuspenek susperraldia mantenduko dela iragartzen dute, baina hornidura arazoen, kostuen hazkunde handiaren, errentagarritasunaren murrizketaren eta absentismo indize handiaren kezka ere nabarmen hazi da.

 

  • Euskal ekonomiak %5,7ko hazkundearekin itxiko du 2021, Espainiako eta Europako ekonomiek baino gehiagorekin, baina duela urtebete aurreikusitakoaren beheko mailan.
Confebask

Ezkerretik eskumara, Pablo Martin, ekonomia arduraduna, Eduarzo Zubiaurre, Confebaskeko lehendakaria, eta Eduardo Aretxaga, zuzendari nagusia (Argazkia, Manu de Alba)

2021-12-29

2022: BPG eta enplegua

Confebasken aurreikuspenen arabera, euskal ekonomia %5,9 haziko da datorren urterako, eta hori nahikoa izango da pandemia aurreko BPGaren maila berreskuratzeko. Nola nahi ere, iaz bezala, arrisku faktoreen bilakaerak – pandemia, energia eta enpresen kostuak, inflazioa edo mundu mailako hornidurarik eza – alde batera edo bestera eraman dezakete aurreikuspen hori, eta, azkenean, daitekeena da euskal ekonomiaren hazkundea %4 eta %7 arteko urkilan mugitzea.

Enpleguari dagokionez, Confebaskek espero du 2022 ere urte positiboa izango dela. Eta, horrela, langabezia tasa %8ra jaitsiko da Euskadin, pandemiaren aurretik zegoen mailatik behera, eta Gizarte Segurantzako 25.000 afiliazio berri egongo direla uste da. Aurreikuspen hori betez gero, Euskadiko enpleguaren maximo historiko berri baten aurrean egongo ginateke, milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin.

Sektoreka, 2022an guztiek jarraituko dute suspertzen. 2021ean industria izan da ekonomiaren motor nagusia, eta, horren ondoren, oraingo honetan hazkundea nabariagoa izango da zerbitzuen sektorean, turismoa eta aisialdia normalizatzea espero baita. Eraikuntza ere 2021ean baino gehiago haziko da.

 

Euskal enpresaren perspektibak, kezkak eta eskakizunak

Euskal enpresek datorren urterako espero dutenari dagokionez, eta gure elkarte kideek – Adegi, Cebek eta Sea – aldizka egiten dituzten inkesten arabera, haien erantzunek diote susperraldia mantentzea aurreikusten dutela. Hamarretik bederatzik beren merkatua egonkor edo susperraldian ikusten dute, eta enplegu itxaropenak hobetu egiten dira. Izan ere, hamarretik bederatzik beren plantillak mantentzea edo handitzea aurreikusten dute.

Halaber, azpimarragarria da urtea igaro ahala kezka areagotu egin dela gero eta intentsitate handiagoarekin nabarmendu diren hainbat aldagairi buruz. Beste kezka batzuen artean, euskal enpresek nabarmentzen dituzte lehengaien eta energiaren hornidura eta garestitzea, salmenten errentagarritasuna jaistea, lan kostuen igoera, langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasun gero eta handiagoa eta lan absentismo handia.

Horrez gain, eskaeren kapituluan, euskal enpresek trantsizio digitaletarako eta klimatikorako laguntzak planteatzen dituzte, baita malgutasun neurriak eta enpresa kargak murrizteko neurriak ere.

 

2021: BPGa eta enplegua

2021 honi dagokionez, Confebasken kalkuluen arabera, Euskadi %5,7 haziko da, lan merkatua nabarmen suspertuta. Eskuragarri dauden azken datuekin (azaroa), iazko apirilean ERTEn zeuden langileen %95 lanpostuetara itzuli dira dagoeneko.

Aurten, Euskadik Gizarte Segurantzako 18.000 afiliatu gehiagorekin itxiko du ekitaldia, eta pandemiaren aurretik zegoena baino zifra handiagoa lortuko da guztira (976.838 pertsona, azaroko datuekin). Eta, langabeziari dagokionez, 2021eko amaieran tasa %9 ingurukoa izango da (2020ko amaieran baino 2,1 puntu gutxiago).

Sektoreen portaerari dagokionez, 2021ean industriaren hazkundea nabarmendu da (+%9,0), eta, azken hilabeteetan zailtasunak izan diren arren, sektore hori Euskadiko jardueraren motor nagusi gisa finkatu da. Zerbitzuek eta eraikuntzak ere gora egin dute, baina maila apalagoan.

Laburbilduz, 2021ean, euskal ekonomiak jarduera eta enplegua nabarmen berreskuratzea lortu duen arren (%5,7), duela urtebete aurreikusi zenaren beheko mailan kokatu da, espero bano murrizketa handiagoak egon direlako, eta dagoeneko ezagunak diren arazoak gertatu direlako, eta, halaber, Europako funtsetatik hasieran uste zena baino gutxiago iritsi delako.

 

Erronkak eta desafioak

Azkenik, prentsaurrekoan Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek, zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak eta ekonomiako arduradun Pablo Martinek gogorarazi dutenez, 2022 hazkunde urtea izango da berriro ere, baina ez da ziurgabetasunik faltako, eta erronka eta desafio handiak agertuko dira aurrean”.

Horien artean nabarmendu dituzte pandemia behin betiko gainditzea – gizartean oro har, eta enpresan zehazki, dituen eraginak murrituz –; euskal ekonomiaren berraktibazio eraldatzailea lortzeko beharra – enpresak xenda lehiakor sendo eta jasangarrian gai izango dena –; eta bizi izandakotik ikasteko eta ekoizpen sarearen eta ongizate estatuaren jasangarritasuna indartuko duten erreformak sustatzeko beharra.

Zentzu horretan, “trantsizio digital, ekologiko eta soziodemografikoei heltzeko, lankidetza publiko-pribatuan bermatzearen garrantzia” azpimarratu dute. Zehazki – amaitu dute – funtsezkoa da lankidetza sakona izatea enpresek kualifikazio egokia duten pertsonak izango dituztela ziurtatzeko, eta prestakuntza beharrak zehazteko eta hezkuntza sistema eta enpresak lerrokatzeko".

Eduardo Zubiaurreren aurkezpena (irakurri hemen)