Hazi egin da enpresa kopurua aurreko hilarekin alderatuta, baina oraindik otsailean baino 1.115 gutxiago daude, eta autonomoen kopuruak bere horretan jarraitzen du

  • Confebasken newslettera Euskadiko enpresa sarearen bilakaerari buruz, irailari dagokionez
número empresas Euskadi

2020-10-13

Confebaskek Euskadiko enpresa sarearen bilakaerari buruz argitaratu duen azken buletinean zehazten denez, irailean enpresa kopurua hazi egin da abuztuarekin alderatuta, 902 enpresa gehiagorekin, hil horretan ohikoa denez, baina autonomoen erroldan ez bezala, horrek dinamismo urria erakutsi baitu.  Izan ere, irailean, autonomoen kopuruak Euskadin soilik 7 pertsonarekin hazi zen, hau da, beste irail batzuetan baino hazkunde txikiagoa izan da. Gaur egun, Euskadin, guztira 168.841 autonomo daude erroldatuta, otsailean baino 1.403 gutxiago, eta, horrenbestez, 2002. urtetik mailarik baxuenean daude.

Euskadin Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresei dagokienez, irailaren 30ean guztizko kopurua 57.778 da, abuztuan baino 902 gehiago, baina pandemiako zazpi hilabete hauetan 1.115 enpresa suntsitu dira, guztien %1,9. Edonola ere, aurreko hilekin alderatuta, Covid-19ak euskal enpresa sarean duen inpaktua arindu egin da irailean, apirileko minimoaz geroztik, pandemiaren hasieran galdutako enpresen %47 berreskuratu baitira.

Sektoreka, 2020ko iraila 2019ko irailarekin alderatuz, enpresa kopurua jaitsi egin da Zerbitzuetan, -%1,8 (-837 enpresa), eta ondoren daude Industria, -%1,8rekin (-121), eta Eraikuntza, azken urtean enpresa kopuruan izandako urtearteko jaitsiera -%0,4 izanik (-21 enpresa).

Azkenik, estatuarekin konparatuta, Euskadik irailean enpresa kopuruan izan duen urtearteko jaitsiera (-%1,7) estatukoa baino askoz moderatuagoa izan da (-%3,1). Eta pandemia aurreko egoerarekin alderatuta (2020ko otsaila), enpresa kopurua biziago murriztu da estatuan (-%2,9) Euskadin baino (-%1,9).

Laburbilduta, irailak hilabete positiboa itxi du enpresak sortzeari eta nolabait berreskuratzeari dagokionez, baina ez hainbeste autonomoei dagokienez.