Gizarte Segurantzan inskribatutako enpresen kopuruak aurrekaririk gabeko jaitsiera sufritu zuen martxoan

  • Confebasken newsletterra enpresa sarearen bilakaerari buruz, jada Covid-19aren eragina nabari dela
número empresas vascas

2020-04-14

Confebaskek enpresa kopuruaren bilakaeraz argitaratzen duen newsletterrean erakusten denez, martxoa inoiz erregistratutako hilabeterik txarrena izan da euskal enpresa sareari dagokionez, enpresa kopurua biziki urritu baita, baita autonomoen kopurua ere, Covid 19a ekonomian izaten ari den inpaktuaren ondorioz.

Gizarte Segurantzan inskribatutako enpresen kopuruak aurrekaririk gabeko jaitsiera sufritu zuen martxoan, 57.125 enpresa zenbatu baitziren, otsailean baino 1.768 enpresa gutxiago. 2019ko martxoan zeudenekin alderatuta, gaur egun 2.181 enpresa gutxiago daude. Enpresen kopuruaren urtearteko jaitsiera -%3,7an kokatu da, 2009ko abuztuko urtearteko jaitsieraren erritmoaren pare, orain arte erregistratutako handiena izan zelarik.

Finean, hilabete batean inoiz kontabilizatu den erregistrorik txarrena da, eta azken sei urtean enpresen kopuruan irabazitakoaren besteko galera da. Sektoreka, 2020ko martxoa 2019ko martxoarekin alderatuta, enpresen kopurua jaitsi egin da Eraikuntzan, -%4,2, eta ondoren Zerbitzuetan, -%3,9, eta Industrian, azken horretan enpresa kopuruaren jaitsiera portzentuala -%1,9 izanik azken urtean.

Edonola ere, estatuarekin alderatuta, Euskadin portaera zertxobait hobea da, izan ere, urtearteko terminoetan, estatu osoko enpresen galeraren batezbestekoa -%7,3koa da, Euskadin batez beste egon den -%3,7ko jaitsieraren portzentajearen halako bi ia.

Azkenik, autonomoen kopuruari dagokionez, hileko balantzeak erakusten du Euskadin 342 lagun gutxiago daudela otsailean baino, hau da, martxorik txarrena izan da 2009tik. Horrenbestez, autonomoen kopurua 169.902 lagunekoa izan zen  martxoan, 2019ko martxoan baino 2.084 gutxiago, urtearteko jaitsiera -%1,2koa izanik.