Noticias

Confebaskek berriro ekin dio legebiltzar-enpresa programari, Zucchetti Spain bisitatuz

18-09-2023
Confebaskek berriro hasi ditu enpresetara antolatutako bisitak, legebiltzar-enpresa programaren barruan, Euskadiko enpresa sarearen errealitate zehatza euskal erakunde legegileko kideei hurbildu nahian. Oraingoan, Zucchetti Taldeko kidea den Zucchetti Spain enpresara egin da bisita –Italiako 1. software konpainia da, eta 50 herrialde baino gehiagotan dago presente–. Zucchetti Spain estatu osoko software fabrikatzaileen erreferentea da, Derion dauka egoitza (Bizkaia), eta bulegoak Donostian, Ermuan, Madrilen eta Logroñon. 4.000 bezerorekin, kualifikazio handiko 290 profesional inguruko plantilla du. Bisitaren helburua izan da Euskadin erreferente diren hiru software enpresak Zucchetti proiektuan integratzearen esperientzia euskal legebiltzarkideei hurbiltzea, errotzea, inbertsioa eta erabakigunea bertan mantenduz.

"Talentua erakartzeko estrategia bateratu eta urgentea behar dugu, baita hazkunde, aberastasun eta enplegu gehiago erraztuko duen fiskalitate bat ere"

19-07-2023
Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak ohikoa duen udako Kontseilu Nagusia egin du, eta, bertan, orain arte presidente izan den Isabel Bustoren lekua Tamara Yaguek hartu duela berretsi da. Tecuniko zuzendari nagusia eta Vinci Energies Españako Zuzendaritza Batzordeko kidea da Tamara Yagüe, eta Zuzenbideko lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, Aholkularitza Fiskaleko masterra edukitzeaz gain. Cebekeko presidenteordea da 2020tik, eta FVEMeko presidentea ere izan da. Tamara Yaguek gainditu beharreko zenbait erronka planteatu ditu. "Lehenik eta behin –ziurtatu du–, hor dago Euskadik duen erronka demografikoari herrialde mailako soluzioa emateko beharra eta, halaber, Tamara Yaguek ohartarazi du beharrezkoa dela Euskadin begirada fiskal berri bati heltzea.

500 inguru jaitsi da enpresen kopurua Euskadin, aspaldiko ekainetako bigarren zifrarik txarrena

11-07-2023
Confebasken azken nesletterrean zehazten den bezala, EAEko enpresen kopurua ia 500 (-498) jaitsi zen ekainean, hau da, aspaldiko ekainetako bigarren zifrarik txarrena. Guztira, joan den hilabetean 57.567 enpresa zeuden erregistratuta Euskadin. Iazko hilabete berarekin alderatuta, 136 enpresa gutxiago daude Euskadin, hau da, -%0,2ko jaitsiera izan da. Pandemiaren aurretik zeudenekin alderatuta, gaur egun oraindik 1.326 enpresa gutxiago daude erregistratuta Euskadin (-%2,3), baina Covid garaian galdutako enpresen %37 berreskuratu dira. Sektoreen arabera, eta pandemia aurreko etaparekin alderatuta, jaitsiera gogorrenak Industrian izaten jarraitzen dute (-%3,8 eta 253 enpresa gutxiago), eta, ondoren, Zerbitzuetan (-%2,5 eta 1.171 enpresa gutxiago); Eraikuntzan, berriz, gaur egun, orduan baino 96 enpresa gehiago daude erregistratuta, hau da, %1,9 gehiago.

“Pertsonen segurtasuna da garrantzitsuena”

06-07-2023
Segurmaniaren azken alean, Kepa Galparsorori, GKN Automotive Zumaiako Segurtasun arduradunari, egindako elkarrizketa jaso da, eta bere enpresan LAP modu seguruan kudeatzeko duten moduaz eta, oro har, prebentzioaz eta segurtasunaz hitz egin du. Galparsorok adierazi duenez, “urtetik urtera, Laneko Arriskuen Prebentzioak indarra hartu du, eta lehen “bigarren” mailan zegoen hura, hots, SEGURTASUNA, une honetan eta, jakina, baita GKNn ere, lehentasun bihurtu da. Gure ekoizpen prozesuak eta metodoak hobetzen jarraitzeaz gain –jarraitu du–, Segurtasunean oinarritutako portaerak bilatzeko asmoz langile guztiak sentsibilizatzeko fasean gaude. Urtero 300 prebentzio ekintza baino gehiago egiten ditugu gure instalazioetan, eta horietako bakoitzak “bere ekarpentxoa” egin du, Segurtasunean hobetu dezagun”, adierazi du.

“Euskal lan merkatuaren lehen seihilekoaren balantzea positiboa da”

04-07-2023
Euskadik enplegu zifra errekorretan jarraitzen du milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin, gaur ezagutzera eman den Euskadiko Gizarte Segurantzako afiliatuen azken erregistroaren arabera. Zehazki, Gizarte Segurantzako afiliatuen zifra 1.002.954koa izan zen joan den ekainean, aurreko hilabetean baino 368 gehiago. Iazko hilabete berarekin alderatuta, euskal landunen kopurua 15.773 handitu da (+%1,60). Lanbideren bulegoetako langabeen erregistroari dagokionez, ekainean ia 1.900 langabe gutxiago izan dira Euskadin, hau da, urte arteko jaitsiera -%5,61ekoa izan da. Gauzak horrela, Pablo Martin Confebaskeko Ekonomia arduradunak komunikabideetan eman dituen azalpenetan esan duenez, “ezagutzen ditugun azken datuak kontuan hartuta, esan dezakegu Euskadiko enpleguaren eta langabeziaren bilakaeraren lehen sei hilabeteetako balantzea positiboa dela. Eta are gehiago, hazkunde ekonomikoaren maila motelduz joan dela kontuan hartzen badugu”.