"Ekonomia moteltzen ari da, eta espero izatekoa da, urtearen azken hilabete hauetan, lan merkatuak dinamismo txikiagoa izatea”

03-11-2023
Urrian Euskadin erregistratutako langabeziari buruzko datuen arabera, 2.920 langabe gehiago daude aurreko hilabetearen aldean; enplegua sortzeari dagokionez, berriz, 13.675 kotizatzaile gehiago izan dira urrian, eta horrek berriro milioi bat pertsonatik gora kokatzen du zifra osoa, zehazki, 1.008.668 pertsonarekin. Pablo Martin Confebaskeko Ekonomiako arduradunak hainbat komunikabidetan esan duenez, “kotizatzaileen kopuruak milioi bat pertsonako muga hori gainditu duen arren, langabeziaren datuak ez dira onak, ia 3.000 pertsonarekin hazi baita. Izan ere, Euskadin urririk txarrena da 2012. urteaz geroztik. Gainera, hazkundea jarduera-sektore guztietan gertatzen da”. Hala ere, Pablo Martinek nabarmendu duenez, “irailarekin alderatuta egon den gorakada hori gorabehera, oraindik duela urtebete baino 2.100 langabe gutxiago ditugu”.

“Kontratazioko errekorretan gaude, eta gero eta zailagoa da behar ditugun pertsonak aurkitzea”

19-10-2023
Kudeaketa Aurreratuaren Europako astea dela eta, Euskalitek, gai horretaz arduratzen den euskal agentziak, mahai inguru bat antolatu du "Pertsonen kudeaketa: talentua, adinkeria eta enpleguaren erronkak" izenburupean. Mahaian, HETEL Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteko presidente Julen Elgetarekin eta Orkestrako Mercedes Oleagarekin batera, Confebaskeko Enplegu arduradun Carlos Peredak parte hartu du. Bere hitzaldian Peredak azpimarratu duenez, “euskal enpresen %76k esan digute arazoak dituztela behar dituzten pertsonak aurkitzeko, eta horrek, 107.000 lagun langabezian egonik, atentzioa ematen du. Kontratazioko errekorretan gaude –gehitu du–, eta gero eta zailagoa da behar ditugun pertsonak aurkitzea”.

Euskadin enpresa kopurua hazi egin da, eta azken 6 urteetako irailik onena izan da

16-10-2023
Confebasken azken buletinean irakur daitekeenez, Euskadiko enpresen kopurua hazi egin zen irailean – aurreko hilabetearen aldean –, 1.178 gehiagorekin; 2017tik irailerako daturik onena da, eta guztira 57.995 enpresa daude erregistratuta Gizarte Segurantzan. Autonomoen kopuruak ere gora egin zuen irailean, 327rekin, hilabete horretarako ohikoaren ildotik. Euskadiko enpresa kopuruaren hazkundea urte arteko konparazioan ere egiaztatzen da. Hala, aurtengo irailean aurreko urteko hil berdinean baino 382 enpresa gehiago zeuden (+%0 '7), eta, beraz, urte arteko hazkundea bi hilabete jarraian gertatu da, 14 hilabeteko jaitsieren ondoren.

“Enpresariaren zereginak gaur egun duguna baino aitortza sozial handiagoa merezi du”

09-10-2023
Confebaskek 400 gonbidatu inguruan izan dituen ekitaldi batekin ospatu du bere 40. urteurrena eta bertan izan dira lehendakaria eta Erregea. Tamara Yague Confebaskeko presidenteak nabarmendu nahi izan du “euskal enpresak ongizate kolektiboari egindako ekarpena oso garrantzitsua izan dela eta dela. Gure egungo ongizate maila, azterketa guztien arabera Europako estandar handienen parekoa dena, ez da kasualitatearen ondorio. Enpresarien apustuaren ondorioa da, hiru hitzetan laburbiltzen den apustu batena: ekintzailetza, lana eta konpromisoa. Enpresariaren zereginak gaur egun duguna baino aitortza sozial handiagoa merezi du. “Argi gera dadila – amaitu du –. Enpresa balio segurua da. Ezin da ulertu gizarte garatu eta moderno bat enpresarik eta enpresaririk gabe. Gizarte batek ez duelako aurrera egiten lehiakorrak diren, zergak ordaintzeko etekinak sortzen dituzten eta enplegua sortzen duten enpresarik gabe. Enpresa eta bere pertsonak beharrezkoak dira gizarte hobea izateko".

“Ia 4.000 gaztek egin dituzte praktikak atzerrian Erasmus+ programaren pean, Confebaskek sustatuta”

21-09-2023
Confebaskeko ikasleen mugikortasuneko arduradun Arantza Vigiolak Lanbide Heziketako Erasmus+ mugikortasunari buruz SEPIEk antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartu du, irailaren 18an eta 19an, Gijongo La Laboral CIFPen (Asturias), zeinetara estatuan programan parte hartzen duten erakunde guztiak gonbidatu zituzten. Confebaski dagokionez, duen esperientzia zabala kontuan hartuta, beken kudeaketa nola egiten duten auditoriumean azaltzeko gonbidatu zuten Arantza Vigiola, estatuan “mugikortasuneko partzuergoak inspiratzeko kasu” moduan balio dezan. Zentzu horretan, Arantza Vigiolak aprobetxatu zuen publikoari jakinarazteko “Confebask dela estatuan LHko zein unibertsitateko ikasleentzako mugikortasunak kudeatzen ditugun enpresa erakunde bakarra”.