“Gaur gauean saritutako pertsonena bezalako erabaki irmoari esker egiten du aurrera euskal gizarteak oro har”

23-11-2020
Aurtengo Korta edizioan saritutakoak izan dira Jesus Maria Guibelalde enpresaria, CEO eta IMATeko fundatzailea; Jose Maria Bergareche, Diario Vascoko lehendakari eta El Correo egunkariko kontseilaria; Antton Suquia, Sukia higiezin eta sustapen taldeko fundatzailea, eta Jose Luis Larrañaga, Sarralle taldeko bazkide fundatzailea. Sariak banatzeko ekitaldian, Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek goraipatu egin du saritutako lau enpresarien figura, eta, adierazi duenez, “ezin hobeto gorpuzten dute Joxe Mari Korta denontzako erreferentzia izatea eragin zuten balioak: kalitate humanoa eta enpresariala, erabakimena eta ausardia, arrisku pertsonalak zein familiarenak bere gain hartzeko”. Eta hau gehitu du: “bere proiektuaren alde egin zuen apustu irmoari esker egiten du aurrera euskal gizarteak oro har”.

Lau urtetik hona, Euskadik enpresa kopuruaren hazkunderik handiena erregistratu du urri baterako, baina oraindik pandemiaren aurretik baino mila gutxiago daude

11-11-2020
Confebaskek Euskadiko enpresa kopuruaren bilakaerari buruz landu duen azken txostenean zehazten denez (ikusi hemen), urria hilabete positiboa izan da, irailean baino 176 enpresa gehiago erregistratu baitira. Urriko hilabete baterako hazkunde zifrarik onena da 2016az geroztik. Aitzitik, alde batera utzita aurreko hilabetearekin alderatuta dagoen igoera hori, oraindik pandemiaren aurretik baino mila enpresa gutxiago daude gutxi gorabehera. Zehazki, otsailean erregistratutakoekin alderatuta, Euskadin orduan baino 939 konpainia gutxiago ditugu, nahiz eta, hori bai, apirileko minimotik galdutako firmen %55 berreskuratu dira. Urriaren 30ean, Euskadin guztira 57.954 enpresa zeuden Gizarte Segurantzan inskribatuta.

“Pandemiaren ondorioz, kasu askotan, digitalizaziorako eta 4.0 Industriarako aurreikusitako epeak eta denborak nabarmen aurreratzen ari dira”

10-11-2020
Confebasken 4.0 Industriari eta digitalizazioari buruzko Newsletter berrirako egindako adierazpenetan (ikusi hemen), SPRIko zuzendari nagusi izendatu berriak, Aitor Urzelaik, errepasoa egin du enpresen eraldaketa digitalerako eta 4.0 Industria esaten zaionaren sustapenerako martxan jarritako programa ugarien inguruan, baita orain arte horiek izan duten harreraren inguruan. Eta, ildo horretan Urzelaik adierazi duenez, “pandemia hainbat sektore eta enpresaren inbertsioa eta merkatuen dinamismoa moteltzen ari bada ere, zehazki digitalizazioaz eta 4.0 industriaz hitz egiten badugu, nik esango nuke bizitzea egokitu zaigun egoera hau prozesu horiek bizkortzen ari dela, batzuetan halabeharrez, eta beste batzuetan sortu den aukera baliatuz. Baina errealitatea da kasu askotan aurreikusitako epeak eta denborak nabarmen aurreratzen ari direla”.

Lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboa hartu du

04-11-2020
Iñigo Urkullu lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboaren ordezkaritza bat hartu du gaur goizean Lehendakaritzan, kideak izanik Eduardo Zubiaurre presidentea, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia eta erakunde kideetako presidenteak, Adegi - Eduardo Junkera -, Cebek - Iñaki Garcinuño - eta Sea Empresas Alavesas - Pascal Gomez -. Topaketan, Confebaskeko ordezkaritzak Euskadiren gaur egungo koiuntura ekonomikoa eta enpresariala laburtu dio lehendakariari, oso baldintzatua Covid-19aren krisiagatik. Edonola ere, gaur egungo egoera gorabehera, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek beste mezu bat ere helarazi nahi izan dio lehendakariari, hau da, “itxaropen mezua, euskal enpresarien artean konbentzituta gaudelako egoera hau ere gaindituko dugula.

“Oso garrantzitsua da denok bat eginda egotea eta ulertzea enpresaren segurtasuna eta osasuna denon eta denontzako zerbait dela”

28-10-2020
Segurmania Confebaskek eta bere hiru erakunde fundatzaileek - Adegi, Cebek eta SEA - Euskadin laneko prebentzio eta osasun kulturari buruz sortutako ekimen bat da, Eusko Jaurlaritzaren eta Osalanen babesa dauka, eta bere ohiko newsletterraren zenbaki berri bat argitaratu berri du. Oraingoan, elkarrizketaren atalean Ainara Barrio dago, Jaz-Zubiaurreko Prebentzio eta Kalitate arduraduna. Azaltzen duenez, “Prebentzioaren arloan dugun Politika gure langileen Segurtasunari eta Osasunari eragin diezaieketen arriskuak ezabatzera edo minimizatzera zuzenduta dago. Oso garrantzitsua da denok helburuekin bat eginda egotea eta, horretarako, Segurtasuna eta Osasuna denon eta denontzako zerbait dela ulertu behar dugu”.