Confebask, Argentinako Cordoba probintziako enpresa ordezkaritza batekin

06-06-2022
Confebask eta Cordoba estatuko (Argentina) enpresa ordezkaritza bat SPRIren egoitzan elkartu dira gaur goizean, Argentinaren eta Euskadiren arteko merkataritza harremanak aztertzeko eta sakontzen saiatzeko. Cordoba estatuko enpresa eta erakunde ordezkaritzaren buru estatuko gobernadorea da, bidaia ofizialean, eta Iñigo Urkullu lehendakariak egin dio harrera gaur bertan. Confebasken aldetik, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak eta Pablo Martin Ekonomiako arduradunak gidatutako ordezkaritza bat joan da. Biek ezagutarazi diote Argentinako ordezkaritzari zein den Euskadiko ekoizpen egitura, baita horren jarduera ratio nagusiak ere. Cordoba estatuko ordezkaritzak, berriz, interes berezia erakutsi du euskal enpresek eskaintzen duten ahalmen guztia ezagutzeko.

Euskal enpresaren batez besteko tamainak behera egin du pandemiaren eraginez, eta azken urteotako goranzko joera hautsi da

01-06-2022
Confebaskek Euskadiko ‘Enpresa dimentsioa’-ren gaineko bere newsletterraren beste zenbaki bat argitaratu du (ikusi hemen). Eta, nabarmentzen denez, pandemiak euskal enpresaren aurrerabidea geldiarazi du, dimentsioari dagokionez. Euskal enpresen batez besteko tamaina 2021aren hasieran 5,96 enplegatukoa zen enpresa bakoitzeko, 2020ko hasieran baino 0,03 gutxiago, eta, horrela, 2015ean hasitako goranzko joera hautsi zen. Gainera, jaitsiera horrek eragin handiagoa izan du enpresa handietan. Hala, 2021aren hasieran ─ eta aurreko urtearekin alderatuta ─, enpresa handien kopuruak %2 egin zuen behera, eta gainerako tamainetan jaitsiera %0,9/%1 izan zen.

“Elkarrizketa sozialaren mahaiak irtenbidearen parte izatea ahalbidetzen digu, ez arazoaren parte izatea; gainera, gure erabakien erantzukizuna partekatzea ahalbidetzen digu”

05-05-2022
Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari buruz Cadena SER kateak antolatutako eztabaida batean, Confebaskeko arlo juridiko-laboraleko zuzendari Virginia Mugicak ziurtatu duenez, “foro horretan parte hartzeko arrazoi nagusia da esparru sozio-laboralean sortzen diren erronkei aurre egiteko irtenbideetan parte hartzeko aukera ematen digula. Azken batean, elkarrizketa sozialari esker, irtenbideen parte gara, ez arazoaren parte”. Baina, horrez gain, Virginia Mugikak horren beste bertute batzuen balioa nabarmentzen du: “Halaber, kezkatzen gaituzten gaietan, ordezkatzen ditugun kolektiboen –sindikatuak eta geu– interes legitimoa lantzen laguntzen digu, aurrerapen maila handiagora eramango gaituen adostasunera iristeko. Laburbilduz - gaineratu du -, elkarrizketa sozialean parte hartzea nahitaezkoa da, gure funtzio nagusia, hau da, politika publikoen diseinuan gure interesak txertatzea, betetzeko aukera ematen digulako”.

Enpresei emandako kreditu berria %25 hazi da otsailera arte

05-05-2022
Confebasken enpresen finantzaketari buruzko azken newsletterrean zehazten denez (ikusi hemen), enpresei oro har emandako kreditu berriak gora egin du urteko lehen bi hilabeteetan, 2021ean izandako beheranzko joera hautsiz. Zehazki, ia %25 hazi da (%24'9), hau da, 2021ean kredituan etendako hazkundearen bidea berreskuratu da. Otsailera arte, kredituaren igoera handiagoa izan da enpresa handiei emandakoan (+%32,3), ETEei emandakoan baino (+%18,2). Nolanahi ere, igoera hori gorabehera, 2022ko lehen bi hilabeteetako kreditu maila 2007ko maximoa baino %62 txikiagoa da oraindik.

“Euskadin unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana inoiz baino estuagoa da gaur egun, elkarlanari eta lankidetza publiko-pribatuari esker”

04-05-2022
Gaur goizean Lehendakaritzan 2022-2026ko Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia aurkeztu dela eta - Confebask horren partaide da -, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak aprobetxatu du horren ildo estrategiko nagusien garapenean orain arte lortutako emaitzak oso positibo baloratzeko. Ildo horretan, Aretxagak zorionak eman ditu elkarrekin egindako lanagatik eta emaitza bikainengatik, bere ustez, “Euskadi estatu mailako erreferente gisa kokatzen delako unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzan”. “Lankidetza publiko-pribatuari eta elkarlanari esker – Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatua –, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana Euskadin inoiz baino sendoagoa da gaur egun, eta horrek pertsonen enplegagarritasuna eta prestakuntza hobetzea eta gure enpresen lehiakortasuna ekartzen du”, Eduardo Aretxagak ondorioztatu duenez, zeina Confebasken ordezkari izan baita, Asier Aloria Prestakuntza, Talentu eta Enplegu zuzendaria ondoan zuela.