“Unibertsitate-enpresa euskal estrategia zutabe sendoekin ari da eraikitzen Euskadin”

  • Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak DEIA egunkariak unibertsitate dualari buruz antolatuta mahai inguru batean parte hartu du
foro DEIA

Eduardo Aretxaga, eskumetik lehena, mahai inguruan parte hartzen

DEIA Foroak antolatuta, “Unibertsitate Duala: Euskadi 1 urtea” mahai inguruan elkartu ziren Confebaskeko zuzendari Eduardo Aretxaga, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde  Adolfo Morais, Mondragon Unibertsitateko HUEZIko dekano Begoña Pedrosa, Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Kalitateko errektoreorde Elena Auzmendi, eta EHU/UPVko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkizia.

Aipatu foroan, Confebaskeko zuzendari nagusiak azken urtean EAEko unibertsitate sistemaren eta enpresen artean egindako hurbilketa eta konexio  sendoaren balioa jarri zuen agerian: “bide onetik goaz. Oinarriak ongi bermatzen  baditugu, apaltasunez eta elkarren arteko komunikazio biziarekin, aurrerapen handiak egingo ditugu. Aurten Enpresa-Unibertsitate euskal estrategiaren barruan egin dena aipagarria da, eta bere balioa agerian jarri behar da: iragan bat eta etorkizun bat markatzen ditu”.

Eduardo Aretxagak ‘unibertsitate duala’ esaten zaion horretan inplikaturiko eragile guztien arteko sintonia handia nabarmendu du: Eusko Jaurlaritza, unibertsitateak, enpresak eta enpresa elkarteak. “Ikasketak eta enpresen eta, oro har, EAEko gizartearen eskariak ahalik eta gehien uztartu behar ditugu, erronka handi bat dugulako aurrean: pertsonak, bai kopuruari dagokionez, bai beharrezko kualifikazioari dagokionez. Ezin dugu talenturik galdu; aitzitik, atxiki egin behar dugu, eta unibertsitate dualak horretan laguntzen digu: EAEko unibertsitate-enpresa estrategia denontzat egokia den une batean iritsi da”. Parte hartzaile guztiak bat etorri ziren lankidetzan jarraitu beharrarekin, Euskadiko unibertsitate eredua hobetzen jarraitzeko, zeinak, Adolfo Morais sailburuordearen hitzetan, “interesa sortzen du, ez soilik estatuan, baizik eta baita Bruselan ere”.

Topaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek itxi zuen, eta, besteak beste, aurreratu zuen Euskadin 2022an  40 titulazio dual edukiko dituela euskal unibertsitateetan. Datorren irailean 22 jarriko dira martxan dagoeneko.