“Egungoa bezalako momentuetan, politikak konfiantza sortu behar du, eta ez dagoena baino ziurgabetasun gehiago gehitu”

  • Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko lehendakaria, Correo eta Diario Vascoko elkarrizketan
Eduardo Zubiaurre

Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko lehendakaria (argazkia, Confebask)

2019-09-22

Gaur Correo eta Diario Vasco egunkarietan argitaratutako elkarrizketa banatan, Confebaskeko lehendakari  Eduardo Zubiaurrek gaurkotasun handiko hainbat gairi buruz hitz egin du. Estatuan datorren azaroaren 10erako deitu diren hauteskundeei dagokienez, eta horrek ekonomiaren martxan izan dezakeen eraginari dagokionez, zera gogorarazi du: Confebask ez da sartzen eragile politikoen balorazioan, gure egitekoa da enpresen interesak defendatzea, lehiatu, garatu eta, horrela, herrialdearen garapenari eta herritarren ongizateari euren ekarpena egin ahal izan dezaten… Edonola ere, egungoa bezalako momentuetan, desazelerazio ekonomiko globala nabarmentzen ari delarik, politikak konfiantza sortu behar du, eta ez dagoena baino ziurgabetasun gehiago gehitu”.

Bi komunikabideekin egindako elkarrizketan, Eduardo Zubiaurrek aitortu duenez, “euskal enpresaburuak kezkatuta daude, jokaleku globalaren ezaugarria ziurgabetasuna delako, nahiz eta aurtengo,behintzat, BPGa %2,5 igotzeko aurreikuspena mantentzen dugun, eta Gizarte Segurantzan 14.000 afiliatu berri sortzeko”.

 

Pentsioak eta Lanbide

Pentsio sistema hobetzeko beharrari eta  ‘Geroa’ eredua Euskadi osora zabaltzeari  dagokionez, Confebaskeko lehendakariak esan duenez, “guztia akordioen emaitza izan behar da, negoziazio kolektiboaren emaitza, denboran mailakatuta... Horrek kostu bat dauka enpresarentzat, eta beste bat enplegatuarentzat. Eta ona litzateke pizgarri fiskalak egotea, martxan jarri ahal izateko. Hori hedatzea mesedegarria izango da etorkizuneko belaunaldientzat eta gizartearen ongizaterako.<0} Ez naiz epe laburraz ari”.

Eduardo Zubiaurrek, halaber, kooperatibek Lanbideko administrazio kontseiluan sartzeko duten nahia aipatu du: Hor parte hartzen dugun guztiok baldintza batzuk bete behar ditugu, eta Konfekoopek ez du bat ere betetzen. Ez da enpresa elkarte intersektorial bat, kooperatibisten elkarte bat da, zeinek Gizarte Segurantzan autonomo moduan kotizatzen baitute. Eta, gainera, ez da enplegatzailea eta ez du behar besteko ordezkagarritasunik. Eskaera legez kontrakoa da. Eta ez dago besterik. Lanbiden egotea, lanbide heziketarako ere kotizatzen ez dutenean, harrigarri samarra da...”.

Azkenik, Confebaskeko lehendakariaren kargua hartzeko arrazoiez galdetuta, Eduardo Zubiaurrek irmo erantzun du: funtsean, herrialde honekin dudan konpromisoagatik onartu nuen. Nire bizitzan beti sentitu izan dut horrela, alderi desberdinetan, eta hau horren beste adierazpen bat da”.