Confebask Eusko Legebiltzarrean agertu da Euskadiko lan istripuen bilakaera ezagutarazteko

  • Agerraldia EH Bildu taldeak eskatuta egin da
parlamento vasco

Confebaskeko Lan Segurtasuneko Jon Bilbao Legebiltzarreko batzordean 

Confebaskeko Lan Osasunaren Departamentuko zuzendari Jon Bilbao Eusko Legebiltzarreko Batzordearen aurrean agertu da gaur arratsaldean, azken urteotan Euskadiko lan istripuen bilakaera zein izaten ari den azaltzeko.

Talde parlamentarioentzat egoera argiago egon dadin, Jon Bilbaok zera azaldu du: “gertatzen diren istripuen tipologien arabera, bereziki heriotza eragiten dutenei dagokienez, eta kontuan hartuta berez lanekoak diren istripu traumatikoak eta kardiobaskularrak bateratzen direla, ateratzen diren zifrek ez dute laguntzen irudi leial bat ematen euskal enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren inguruan gertatzen denari buruz. Panorama horrek –azaldu du Jon Bilbaok– are lausoago bihurtzeko joera du aurreko zifrei gainerako istripuak gehitzen bazaizkie, batez ere trafikokoak, etxetik lantokira bidean gertatzen direnak, hau da, in itinere esaten zaienak”.

Edonola ere, agerraldian agerian jarri denez, “egiazki garrantzitsua dena da 2000. urtetik 2016ra asko murriztu direla mota guztietako lan istripuak, azken datu bateratuak urte horretakoak izanik: aldi horretan, istripu kopuru osoa %60 inguru murriztu da Euskadin.  Horrelako emaitza bat izatea ez da kasualitatearen fruitua, eta soilik da posible –azaldu du Jon Bilbaok produkzio sarean parte hartzen duten guztiek ahalegin sistematikoa eta etengabea egiten badute: langileek, enpresek eta Administrazioak berak”.

Agerraldian istripuen kausak ere aztertu dira, eta hainbat aldagai analizatu dira, hala nola zein jarduera sektoretan kontzentratzen diren, istripua izan dutenen kontratu motarekin dagoen harremana, eta, adibidez, adinaren eta generoaren eragina, batez ere istripu larrietan eta hilgarrietan.           

Azkenik, Confebaskeko Lan Osasuneko zuzendariak euskal parlamentariei azaldu dienez, “zifra estatistiko globalek partzialki baino ezin dute erakutsi laneko istripuena bezain errealitate konplexua. Ezagutza sakonagoa edukitzeko, parlamentariek euren iritzia osatu ahal izan dezaten, lehenik eta behin, ezin egokiagoa da Osalanek istripurik larrienei buruz egiten dituen txostenen zuzeneko jarraipena egitea, bitartekaririk gabe.

Halaber, oso lagungarria da –gehitu du– euskal enpresak sistematikoki bisitatzea, zuzenean ikusteko euskal ekoizpen sarean ezarrita dauden sistema eta neurri zehatzak, izan ere, horiek berez azalduko liekete euskal parlamentariei, beste azalpenik eta bitartekaririk gabe, nolako aurrerapen handiak egiten ari diren gai honen inguruan, baita hori posible egiteko nolako inplikazioa dagoen denen aldetik, langile, enpresa eta botere publikoen aldetik”.

Ildo horretan, Confebaskek gogorarazi du Legebiltzar-Enpresa bisiten programa bat martxan jarri berri duela, euskal produkzio sarearen errealitatea Euskal Ganberara hurbiltzeko; programa horretan alderdi politiko guztiak gonbidatuta daude, eta dagoeneko euskal parlamentarien hiru bisita egin dira hiru enpresatara, lurralde bakoitzeko banatara. Confebasken asmoa da datozen hilabeteetan bisita gehiago egitea.