“Kotizazio sozialei topea kentzea kaltegarria litzateke eta ekonomia suspertzeko mehatxu handia ekarriko luke”

  • Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagaren hitzak euskal enpresarien konfederazioaren Kontseilu  Nagusiaren ondorengo prentsaurrekoan.
CONFEBASK

Pascal Gómez, Eduardo Aretxaga, Roberto Larrañaga, Iñaki Garcinuño eta Eduardo Junkera

Confebaskeko Kontseilu Nagusiaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, bere lehendakari Roberto Larrañagak argi uzi du balorazio negatibo sakona egiten dutela Pedro Sanchezen gobernuaren ideiari buruz, Gizarte Segurantzako kotizazioei “topea kentzeari” dagokionez.

Inpaktuaren gaineko lehen txosten batean, Confebaskek aurreikusten du neurri horrek 525 milioiko gainkostu bat ekarriko liekeela EAEko enpresei, eta, ondorioz, zigortuta ikusiko lukete kualifikazio handiagoan oinarritutako lansari handiago batzuen alde egin duten apustua. Euskadi, Madrilekin batera, estatuko soldatarik altuenak dituen erkidegoa da, eta 45.000 euro baino gehiagoko soldatak dituzten enplegatu gehien dituztenak. Ondorioz, proiektuak bi erkidego horiei eragingo lieke gehien.

Confebaskek gogorarazi duenez, enpresa enplegatzaileek Gizarte Segurantzako derrigorrezko kotizazioen %70 egiten dituzte, EBko batez bestekoa baino 5 puntu gehiago. Adibidez, 3 puntu gehiago Frantzian baino, Danimarkan baino 7 gehiago, eta 26,5 puntu gehiago ere Alemanian baino. Herrialde horietan guztietan, langileek Espainian ematen dutena baino gehiago jartzen dute Gizarte Segurantzarako, baina horrek ez du kentzen haiek ere eragina jasango dutela, soldata garbia murriztuta.

Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak uste du ideia “kaltegarria eta arriskutsua” dela, izan ere, “zatirik handiena enpresen gain geratuko litzateke. Beste betebehar fiskal bat gehitzeak lehiakortasuna errotik murriztea ekarriko luke. Gure iritziz, mehatxu garrantzitsua da, ekonomiaren eta enpleguaren oraingo susperraldia arriskua jar dezakeena. Ondorioz, aukera horren kontra gaude erabat, eta so negatibotzat jotzen dugu”.

 

Koiuntura ekonomiko ona

 

Horrez gain, Confebaskek, oraingo behintzat, mantendu egiten du aurten hazteko aurreikuspena, bai BPGari dagokionez, bai enpleguari dagokionez, kantitatean eta kalitatean hazten ari baita: Kontratu mugagabeen kopurua urteko %20ko erritmoan hazten ari da.

Eta, aurreikuspenak betetzen badira, 2018aren amaieran, esan liteke azken 6 urteetan Euskadin 400.000 kontratu mugagabe inguru egin direla.

Halaber, azpimarratu du Euskadin soldatak %2 baino gehiago ari direla igotzen aurten sinatzen ari diren hitzarmenetan, estatu osoan baino gehiago.

Gainera –Roberto Larrañagak azpimarratu duenez–, “daitekeena da datorren urtean euskal ekonomia krisiaren aurreko mailetara iristea, eta, are gehiago, aurreikusten da urte honen amaieran bertan ere euskal enpresak 2008aren amaieran enplegatzen zituzten  790.000 langileak enplegatuta edukitzetik hurbil egongo dira“.

Euskal gizartearen gehiengoak gauzak “nahiko ongi” doazelako pertzepzioa dauka –gogoratu du Confebaskeko lehendakariak–: “Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroaren arabera (2018ko ekaina), EAEko 4 herritarretik ia 3k uste dute Euskadiren egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela, daturik onena 2007tik. Eta egoki iruditzen zaigu hori nabarmentzea behin eta berriz kontrakoa esaten tematzen direnen aurrean”.

 

Arriskuak eta erronkak

 

Aitzitik, eta oraingo koiuntura ekonomiko ona gorabehera, Confebaskeko lehendakariak epe labur eta ertainera dauden bi arriskuz ohartarazi du: lehen aipatutako kotizazioen “topea kentzeaz” gain eta lan erreforman oraindik zehaztu ez diren ‘ukituez’ gain, Roberto Larrañagak “Donal Trumpen politika protekzionista eta maila globalean dakarren ondorioa“ ere aipatu du, ”zalantzarik gabe, kezka sortzen baitu. Ikusiko dugu zer gertatzen den:  nioenez, oraingoz 2018rako aurreikuspenak mantentzen ditugu, baina erne gaude esandako zalantzengatik eta etor daitezkeen eraginengatik”.

Erronkei dagokienez, Confebaskeko lehendakariak aipatu ditu, besteak beste,  Euskadin hazkundea finkatzea  eta egonkortasun instituzionala mantentzea; aurreikusitako bilakaera demografikoaren aurrean pertsonak mantentzeko erronka, kopuruan zein kualifikazioan; gazteekin eta prestakuntzarekin dagoen konpromisoa indartzea, LHan zein Unibertsitatean; eta neurri adostuak aztertzea justifikatu gabeko lan absentismoa murrizteko, Euskadin maila altuetara iristen ari baita

Azkenik, Confebaskeko lehendakariak gogorarazi duenez, “bere herrialdearen, bere jendearen, bere gazteen eta kohesio sozialaren alde egiten EZ duen enpresa bat porrot egitera kondenatuta dago. Baina, halaber, perspektiba galdu eta enplegua eta aberastasuna sortzen dituena –enpresa– zaintzen ez duen herrialde bat kolapso sozialera eta pobreziara kondenatuta dago. Orekan datza bertutea”.