Lau urtetik hona, Euskadik enpresa kopuruaren hazkunderik handiena erregistratu du urri baterako, baina oraindik pandemiaren aurretik baino mila gutxiago daude

empresas Euskadi

2020-11-11

Confebaskek Euskadiko enpresa kopuruaren bilakaerari buruz landu duen azken txostenean  zehazten denez (ikusi hemen), urria hilabete positiboa izan da, irailean baino 176 enpresa gehiago erregistratu baitira. Urriko hilabete baterako hazkunde zifrarik onena da 2016az geroztik.

Aitzitik, alde batera utzita aurreko hilabetearekin alderatuta dagoen igoera hori, oraindik pandemiaren aurretik baino mila enpresa gutxiago daude gutxi gorabehera.  Zehazki, otsailean erregistratutakoekin alderatuta, Euskadin orduan baino 939  konpainia gutxiago ditugu, nahiz eta, hori bai, apirileko minimotik galdutako firmen %55 berreskuratu dira. Urriaren 30ean, Euskadin guztira 57.954 enpresa zeuden Gizarte Segurantzan inskribatuta.

Sektoreka, aurtengo urria iazkoarekin konparatuta, enpresa kopuruaren jaitsieran Zerbitzuen sektorea da nagusi (-%1’7, eta 809 gutxiago), ondotik duela Industria (-%1’3, eta 86 gutxiago), eta azkenik Eraikuntza (-%09, eta 44 gutxiago). Estatuan gertatzen ari den batezbestekoarekin alderatuta, Euskadiren bilakaera ez da hain negatiboa, ez urte arteko konparazioan, ez pandemiaren aurre-aurreko erreferentzian, otsailekoan.

Autonomoen kopuruari dagokionez, ordea, urria ez da hilabete ona izan. Egia da aurreko hilabetearekiko Euskadiko zifra 359 lagunekin igo zela. Aitzitik, 2012tik urri batean egon den hazkunderik  txikiena da, eta oraindik otsailean baino 1.045 autonomo gutxiago daude. Izan ere, urriko zifrekin, Euskadiko autonomoen erregistroa 2002ko mailan kokatu da.

Konkurtsoa dauden enpresen kopuruari dagokionez, hirugarren hiruhilekoko datuak %24,1eko hazkundea aurkezten du 2019ko hirugarren hiruhilekoarekiko, nahiz eta, pandemiak aldagai horren kalkuluan distortsio eragin dezakeenez, oraindik goiz den esateko daukagun azken datu horrek joera jakin bat markatzen duen ala ez.