“Generoaren araberako soldaten desoreka amaitzea, betebehar etikoa izateaz gain, enpresen lehiakortasunerako faktore argia da”

Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak mahai inguru batean parte hartu du soldaten desorekari eta berdintasun aukerari buruz, Novia Salcedo Fundazioak antolatuta

ihardunaldiaren une bat

Roberto Larrañaga mahai inguran

Berdintasun eredu baterantz” izenburupean, Novia Salcedo Fundazioak antolatutako solasaldiak, besteak beste, Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Altolazabal eta Europar Batasuneko Kontseiluko Aukera Berdintasuneko arduradun Cristina Gallach elkartu ditu.

Bere mintzaldian Roberto Larrañagak aitortu duenez,  “soldaten desoreka” –zeinaren arabera emakumeek, kolektibo moduan, gizonek baino gutxiago kobratzen duten–  ebidentzia bat da mundu osoan eta sektore guztietan, berriki NBEk berak jaso duenez, gaiari buruzko txosten berezi batean.  Beste gauza bat generoan oinarritutako “soldata diskriminazioa”, legeak berariaz debekatzen baitu hori, arraza edo erlijio arrazoiengatiko diskriminazioa debekatzen den bezala. Beraz, jakina, soldaten diskriminazioa, gertatuz gero, salatu egin beharko litzateke eta behar bezala zigortu, inolako ñabardurarik gabe”.

Sarreraren ondoren, Roberto Larrañagak zera baieztatu du: “soldata ‘desoreka’ edo ‘desberdintasuna’ egoera zitala da gurea bezalako gizarte aurreratu batentzat”, eta, defenditu duenez, “enpresaren helburu nagusia da guztiok enpresan erabat sartzea, izan gizon zein emakume, norberaren gaitasunetik eta ahaleginetik ez datorren diskriminaziorik eta diferentziarik gabe. Ildo horretan, betebehar etikoaz gain, soldaten arteko desoreka amaitzea eta aukera berdintasuna sustatzea lehiakortasunerako baldintza argia da: enpresak izan behar du interesatu nagusia norbera bere balioaren arabera promozionatzeko”.

Confebaskeko presidenteak gogorarazi du bere enpresa erakundeak “orain dela 20 urte baino gehiago ari dela gaia lantzen eta proposamenak egiten. Izan ere, Confebaskek Euskadin familiaren eta haurren aldeko itun bat sinatu berri du Eusko Jaurlaritzarekin eta beste eragile sozial eta instituzional batzuekin, famili kontziliazioa sustatzeko asmoarekin eta, ondorioz, emakumeak esparru profesionalean partaidetza handiagoa eta hobea  izan dezan”.

Roberto Larrañagak azpimarratu duenez, “gaur-gaurkoz oraindik ere emakumeen soldata eta lan berdintasuna eragozten duten oztopo sozialak, kulturalak eta bestelakoak deuseztatzea elkarrekin egin beharreko lana da, eta denok, gizonek eta emakumeek, parte hartu behar dugu”.

Ildo horretan, Confebaskeko lehendakariak lau proposamen egin ditu: lehendabizi, kultur aldaketa lantzeko beharra, gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasun familiar handiagoa bultzatzeko; bigarrenik, emakumea enpresan erabat sartzea enpresentzako lehiakortasunerako faktore erabakigarri moduan ulertzea –ezin da populazioaren erdiaren ekarpen baliotsua alde batera utzi–; hirugarrenik, emakumeen prestakuntza profesional eta akademikoan orientazio politikak hobetzea, hazkunde handia duten esparru errentagarrietan beraien bokazioa sustatzeko, Europako Legebiltzarrak berak hauteman duenez (zientzia, teknologia, finantzak…) ; eta, laugarrenik, Europako gomendioak aztertu eta sakon analizatzea, eta hainbat herrialdetan ezarri diren neurriak begiratzea, ondorioak ateratzeko eta ikusteko Euskadin aplikagarriak izan daitezkeen.

Mahai inguruan, Roberto Larrañaga eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko sailburuaz gain, bertan izan dira baita ere Europako Udal eta Erregio Kontseiluko Berdintasuneko lehendakari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe, Mutualiako Berdintasuneko zuzendari Cristina Mendia eta Cadena SER Euskadiko zuzendari Begoña Marañon