Confebask, Eusko Jaurlaritza eta sindikatuak elkarrizketa sozialaren mahaiaren lehen bileran izan dira hori dekretuz ofizialki eratu ondoren

  • Confebaskeko lehendakari  Roberto Larrañaga izan da ordezkaritza enpresarialaren burua
mesa diálogo social

Roberto Larrañaga, 1go eskumetik, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta UGT ta CCOOeko idazkari nagusiekin

2019-02-11

Gaur arratsaldean bultzada bat eman zaio Euskadin elkarrizketa sozialari, Confebaskek, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek Elkarrizketa Sozialaren Mahaia eratu baitute ofizialki, horren eraketa eta funtzionamendua instituzionalizatzen duen dekretu berriaren arabera.

Confebaskeko ordezkaritzan, Roberto Larrañaga lehendakaria eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia buru zirela, elkarte kideetako - Adegi, Cebek eta Sea - zuzendariak eta idazkari nagusiak ere izan dira, eta horrek are gehiago indartzen du elkarrizketaren eta akordioaren aldeko apustua, ekonomia globalizatuaren erronka berrien aurrean. Helburua lortzeko, enpresen lehiakortasuna eta euren pertsonen konpromisoa hobetu behar da, ongizate estatuaren euskal ereduaren iraunkortasuna bermatzeko, zeregin horretan euskal enpresek modu erabakigarri eta maioritarioan parte hartzen dutelarik.

Confebask eta bere elkarte kideez gain, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren gaur arratsaldeko bileran Eusko Jaurlaritzako lau sailburu izan dira: Maria Jesus San Jose Lan sailburua, Beatriz Artolazabal Enplegu sailburua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. Sindikatuen aldetik, CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garcia eta UGT Euskadiko Raul Arza bertaratu dira.

Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak nabarmendu duenez, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren alderdi nagusia da “parte hartzaileek akordioak lortzeko duten borondatea, ulertuta gai horiek interes partikularrak gainditzen dituztela eta gizarte osoari eragiten diotela. Gure betebeharra da arazoen erantzukizuna partekatzea eta, ondorioz, negoziatzea, akordioetara iristen saiatzeko. Hori bai, inposaketarik eta aurretiazko exijentziarik gabe. Berez, Confebask izan da Elkarrizketa Sozialaren Mahaitik inoiz jaiki ez den eragile sozial bakarra, askotan desadostasun sakonak izan ditugun arren”.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak, eraketa ofizialaz gain, aurtengo lan plana onartu du, baita hori garatzeko metodologia eta taldeak ere.