Confebaskek %2,5eko hazkundea aurreikusi du 2019rako, eta langabezi tasa %8tik behera egotea, Eurogunearekin bat eginda

  • Confebasken 2018/2019 Koiuntura Txostena
CONFEBASK

Eduardo Aretxaga, Roberto Larrañaga eta Pablo Martin

2018-12-27

Aurkeztu berri den Koiuntura Ekonomikoaren txostenean, Confebaskek 2019rako aurreikusi du euskal ekonomia %2,5 haziko dela, 2018an baino lau hamarren gutxiago. Gainera, 2019an euskal ekonomiak berriro ere enplegua sortu eta langabezia murriztuko du.  Ildo horretan, 2019rako, Confebaskek aurreikusten du Gizarte Segurantzan  14.000 afiliatu gehiago egongo direla (+%1’5), eta langabezi tasa (Eustat) %7’5era jaitsiko dela, hau da, 2008tik dagoen tasarik txikiena, Eurogunerako aurreikusitakoaren pare. Urtearen amaierarako, aurreikuspena da Euskadik krisiaren aurreko enplegu maila berreskuratuko duela, 976.000 langile okupaturekin.

 

Enpresen inbertsioa, eraikuntza eta industria dirateke EAEko ekonomiaren motorrak datorren urtean - azken horrek %2,5 baino gehiagoko hazkundea izango du -. Horrenbestez, 2019a hazkundeko seigarren urte jarraitua izango da EAEn,  Espainiako batez bestekoaren (+%2’2) zein Eurogunearen (+%1’9) gainetik.

 

            Aldeko aurreikuspenak

 

Aurreikuspen positiboen oinarrian euskal enpresek datozen hilabeteetarako dituzten aldeko perspektibak daude. Confebaskeko erakunde kideek egindako inkesten arabera - Adegi, Cebek eta Sea -, epe labur eta ertainera, EAEko enpresa gehien-gehienek egonkor edo hedatzeko bidean ikusten dute merkatua, eta horietako askok aurreikusi dute datozen hilabeteetan salmentak handituko dituztela. Horrenbestez, oro har, euskal enpresek aurreikusten dute 2019an langile taldeak handituko dituztela, 2018aren pare.

 

                Kezkak

 

Edonola ere, inkesta horiek beraiek nabarmentzen dute orain euskal enpresen kezka nagusia dela langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak daudela, kezka hori gero eta handiagoa izanik.

Salmenten errentagarritasuna jaisteak ere nabarmen arduratzen ditu enpresak, lan kostuek eta lehengaien prezioak bezala.

Gainera, gutxiago bada ere, kezkatzeko motiboak dira Espainiako ekonomiaren ahultasuna, kostu txikiko herrialdeen lehia, nazioarteko ekonomiaren ziurgabetasun handia eta hauspea galtzea eta enpresen zergak.

 

                2018

 

Amaitzear dagoen urteari dagokionez, Confebaskek kalkulatu du EAEko ekonomiak %2’9ko hazkundearekin itxiko duela 2018a, aurreko urtean bezalatsu. Bosgarren urtez jarraian hazi da ekonomia, inbertsioaren portaera onaren ondorioz, bai ekipo ondasunetan bai eraikuntzan, eta horrek hein batean konpentsatu du kontsumo pribatuaren tonu apalagoa.

 

Sektoreka, eraikuntza izan da sektorerik dinamikoena, baina kontuan hartu behar da oso jarduera maila baxutik abiatzen zela. Industrian, berriz,  jardueraren hazkundea %3tik gora jarri da, eta 2017ko hazkundea berdintzen du, Europako inbertsioen portaera onagatik.

 

Edonola ere, urtearen azken zatian, sektoreak hainbat ziurgabetasun puntual jasan behar izan ditu siderurgia eta autogintza bezalako sektoretan, eta horrek hazkunde handiagoa galarazi du.

                 

                Enplegua eta kontratu mugagabeak

 

Amaitzeko dagoen 2018an sortu den enpleguari dagokionez, afiliazioak 18.000 lagun gehiagorekin amaituko du, hau da, urtearteko +%1,9 hazkundea izango da, eta 7.000 langabe gutxiago Lanbiden erregistratuta. 2018 amaierarako aurreikusi den langabezi tasa %9,2koa da.

Azken hilabeteetan errepikatu dugunez, panorama ekonomikoaren hobekuntza ez da soilik enpleguaren kantitatera iritsi, baizik eta baita kalitatera ere. 2018an errekor historikoa lortu da sinatutako kontratu mugagabeei dagokienez, ia 90.000 izan baitira, 2007an baino 12.000 gehiago - krisiaren aurretik -, eta atzeraldiaren unerik gogorrenetan sinatzen zirenak ia halako bi.  

Azaro bitartean, kontratu mugagabeen hazkundearen erritmoa %21,1ekoa izan da, eta behin-behinekoena, berriz, %3,6koa. Guztira, azken 5 urtean, Euskadin ia 400.000 kontratu mugagabe izenpetu dira.

 

                EREak, soldatak eta pertzepzio soziala

 

Horrez gain, 2018ak beste mugarri historiko bat jarri du: ERE kopurua (enplegu erregulazioko espedienteak) %31 murriztu da urrira arte (erabilgarri dagoen azken datua), eta eragindako langileena ere –%56 murriztu da. Serie historiko osoan erregistratu den kopururik txikiena da.

Soldatei dagokienez, 2018. urtean EAEn erregistratu diren hitzarmen kolektiboetan %2,14ko soldata igoera dago batez beste, zifrarik altuena 2011tik, eta aurtengo aurreikusitako inflazioaren gainetik, %1,5 ingurukoa izango baita. Hirugarren urtez jarraian, soldaten igoera azeleratu egin da, bai indarrean dauden hitzarmenetan, bai erreferentziazko urtean erregistratukoetan. Ildo horretan, datu hori  INEk argitaratu berri duen azken inkestarekin batera dator. Horren arabera ere, urte honetan EAEn batez besteko soldaten igoeraren hazkunde metatua %2,1koa izan da. Hori dela eta, Estatuko batez besteko soldatarik altuenak mantentzen dira Euskadin.

EAEko herritarrek duten pertzepzioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako urriko Soziometroaren arabera, hiru herritarretik bik uste dute Euskadiren egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela, hau da, pertzepziorik onena, baita krisiaren aurretik zegoenarekin alderatuta.

                 

                Diskurtsoak eta erronkak

 

Komunikabideen aurrean egin duten agerraldian, bai Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak bai zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak berriro azpimarratu dute garrantzitsua dela hobetzen jarraitzea, eta hainbat erronkari erantzutea, “ekonomiaren eta enpleguaren egungo susperraldia sendotzen laguntzeko”.

Erronken artean daude:

  • egungo egonkortasun politiko eta instituzionala segurtatzea, funtsezkoa baita konfiantza sortzeko;  
  • euskal enpresen kezka nagusietako bati eraginkortasunez erantzutea, hau da, behar besteko langile eta behar bezain prestatuta lortzea;
  • lan harreman kolaboratiboak lortzea enpresaren parte hartzaileen artean, proiektu partekatuaren, hau da, enpresaren, bideragarritasunean laguntzeko eta, ondorioz, enpleguaren, kalitatearen eta egonkortasunaren susperraldia azkartzeko;              
  • edo produkzio sistema indartsu, moderno eta balio erantsi handiko bat sustatzea, ongizate estatuaren iraunkortasuna eta bideragarritasuna segurtatu ahal izateko.

Txostena ikusi