“DSBE: diagnostiko partekatu baten garrantzia”

Confebaskeko lehendakariaren artikulua 'Begirada Elkarterako'  eta Noticias Taldean argitaratuta

gráfico

Orain, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia denon ahotan dabilelarik, ez dago gaizki gogoratzea foro horretan erabaki genuela enpresa elkarte guztiek, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek deklarazio instituzional garrantzi bat egitea, Euskadiko Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruz, eztabaida zabal eta bizi baten ondoren.  Horixe da, hain zuzen ere, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia bezalako topaketa mahai baten balioa: elkargunea eta elkarrizketa eraikitzailea izatea, herrialdearen aurrerabiderako garrantzitsuak izango diren akordioak sortzeko.

Izan ere, Confebaskek orduan jada bazioen egun mantentzen dugun zerbait: Gizarte moduan hartu dugun erabakiaren balioa aitortzen dugula, sarrerak bermatzeko eta gizarte inklusiorako sistema sendo batez hornitzeko, pobrezia eta bazterketa soziala mugatzeko, eta gure gizartearen kohesioa mantentzen laguntzeko. Horrenbestez, erabateko baietza euskal DSBEari. Beste kontu bat da nola kudeatzen dugun eta zer xederekin.

Deklarazio bateratu hartan beste bi ohar gehitu genituen: lehena, DSBE delako (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) sistema horrek sare produktibo indartsu eta lehiakorra behar duela. Hein handi batean, enpresak dira, zergak ordainduz, aberastasuna sortuz eta enplegua sortuz, sistemari eusten diotenak. Eta bigarrenik, beharrezkoa dela “DSBEtik enplegurako trantsitua lagundu duen” eredu baten alde egiten jarraitzea. Edo, bestela esanda, sarrerak bermatzeko sistema ez dadila berez xede bat izan hartzailearentzat. Izan ere, Confebasken ulertzen dugu Lanbidek DSBEaren hartzaile bati eskaini diezaiokeen prestazio sozialik onena lanpostu bat da.

Puntu horretara iritsita, gure iritziz, “kudeaketa hobetu” beharra dago, giza baliabideei zein materialei dagokienez, eta, hori halaber, gurekin Elkarrizketa Sozialaren Mahaian deklarazio bateratua sinatu zuten sindikatuek ere aitortzen dute. Beraz, bat gatoz DSBEa baliagarria eta beharrezkoa dela esaterakoan, eta bere biziraupena bermatzeko enpresa lehiakorrak eta kudeaketa hobetu bat behar ditugula.

Azken horretaz hitz egiten dugunean - “kudeaketaren hobekuntza” – guk bi gauza aipatzen ditugu: alde batetik, lehen esan dudanez, DSBEak ez dezala enplegua bilatzea desaktibatu. Eta, bestetik, ahal dela, kontrol zorrotzagoa egin beharra, gehiegikeriak eta iruzurrak galarazteko, gure ongizate sistema ez dadin sistema bideraezin bihurtu. Proposatzen dugun horrek ez du esan nahi DSBEa zalantzan jartzea, kontrakoa baizik. Oraingo zein etorkizuneko bideragarritasuna bermatzea nahi da, egiazki behar duenari erantzuteko, bizi izan duguna bezalako krisi garaietan inor atzean ez uzteko.

Euskal DSBEa harrotzeko motiboa da euskal gizartearentzat: urtero 490 milioi euro inguru bideratzen ditugu, hau da, estatu osoan eskaintzen diren laguntza sozial guztien %40 inguru. Nor dio euskal gizartea ez dela solidarioa? Nork dio euskal enpresek ez dutela behar beste ematen Euskadiko beharreko kohesio sozialaren alde?  Eskatzen dugun gauza bakarra zentzuz jokatzea da: euskal gizarte osoari hori mantentzeak eginarazten dion esfortzu handia - bereziki enpresen ekarpenei esker - ez dadila alferrik izan, ez garelako gai diagnostiko partekatu bat lortzeko sistema bideragarria izateko moduari buruz, sistemari uko egin gabe. Horratx erronka!

IKUSI ARTIKULUA 'BEGIRADA'N