“Euskadiko LH duala: talentua zure enpresarentzat”

  • Confebasken kanpaina berria, Eusko Jaurlaritzarekin eta LHko ikastetxeekin lankidetzan, LH dualeko euskal eredura are enpresa gehiago erakartzeko
  • Orain dela 7 urte martxan jarri zenetik, LHko modalitate honetan sektore eta neurri guztietako 4.000 enpresak baino gehiagok parte hartu dute.
  • Confebaskek argitaratutako “GIDA AZKARRA” ere kontsulta daiteke, enpresa batek Euskadin LH dualean sartzeko egin beharreko urratsen laburpen erraz batekin.
DIPTIKOA

2019-06-05

Confebaskek eta bere elkarte kideek - Adegi, Cebek eta Sea -, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko LHko ikastetxeekin lankidetzan, kanpaina berri bat abiarazi dute Euskadiko LH dualera enpresak erakartzeko, ikasleak enpresak edo sektoreak behar dituen gaitasun zehatzetan prestatzeko eta, gainera, gazteei lan aukera zabala eskaintzeko.

4.000 euskal enpresak baino gehiagok eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako 7.000 ikaslek baino gehiagok dagoeneko hartu dute parte programan, indarrean daraman 7 urteetan. Ikasturte honetan bakarrik (2018/2019), ia 2.300 gazte ari dira LH duala egiten 1.400 enpresa baino gehiagotan, hau da, hamabost aldiz biderkatu da firma parte hartzaileen kopurua, eta ikasleen kopurua hemezortzi halakoa da, 2012. urtean programa abiarazi zenetik.   

LH dualarekin bat egitea erabaki duten konpainiak jarduera sektore eta neurri guztietakoak dira: berez, %80 enpresa txiki eta ertainak dira.

 

Enpresentzako kanpaina eta gida azkarra

Kanpainan diptiko bat zabalduko da, zeinak zehaztu egiten baititu LH dualaren helburuak, konpainientzat dakartzan onura lehiakorrak, dauden modalitateak enpresa bakoitzaren beharren arabera, eta enpresen zein ikasleen gogobetetze maila jasotako prestakuntzari dagokionez. Datozen egunetan, mila bat euskal firmak mezu elektroniko bat jasoko dute kanpaina berriaren xehetasunekin.  

Gainera, zalantzak argitzeko eta erantzunak emateko, hirugarren urtez jarraian, Confebaskek ‘GIDA AZKAR’ bat jarriko du euskal enpresen eskura, parte hartzeko interesa dutenek jakin dezaten zein urrats egin behar diren. Dekalogo samur eta irakurterraza, parte hartzera animatuz gero jarraitu beharreko tramiteen lehen ideia bat egiteko.

Eusko Jaurlaritza, Confebask eta Ikastetxeak elkarrekin ari dira LH dualaren euskal eredua lantzen, eta hainbat modalitate eskaintzen ditu, prestakuntza egoera jakin bakoitzera egokitzeko. Zabaldutako aukeren artean daude 2 edo 3 urteko hainbat modalitate, behar den espezializazioaren arabera.

 

Euskadiko LH dualaren onurak

Lanbide heziketako eredu zehatz honek onura nabarmenak eskaintzen ditu. Gazteentzat, laneko egoera errealetan ikasteko aukera ematen dielako, gutxienez 1 urteko esperientzia profesionala lortuz; ordainsaria eskaintzen die, kontratuaren edo hitzarmenaren arabera; eta lanean integratzea, esaterako, industriaren adar batzuetan, dagoeneko %100era ere iritsita.

Enpresentzat, LH dualak langile kualifikatuak prestatzen dituelako, enpresen behar zehatzetara eta kultura berezira egokituta; belaunaldien arteko erreleboa errazten du; inplikazio eta elkarlan maila biderkatzen du; eta egokitzeko/ikasteko denborak laburtzen ditu beste bide batzuekin alderatuta.

Ildo horretan, Euskadiko LH duala tresna erabakigarria da langile kualifikatuak kontratatzeko arazoa konpontzeko , izan ere, Confebaskek eta bere elkarte kideek - Adegi, Cebek eta Sea – landutako azken txostenak dioenez, arazo horrek 10 euskal enpresatik 7ri eragiten die.

 

Gogobetetze eta laneratze maila handia

Eredua oso harrera maila onarekin zabaltzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak egindako inkesta baten arabera, enpresa parte hartzaileen gogobetetze maila %100ekoa dela esan daiteke. Gainera, LH dualaren euskal ereduak laneratze indize altua dauka. LH dualeko tituludunen %96,2k hurrengo egunean aurkitu zuten lana.

               

Kanpaina               

LHko modalitate hori bultzatzeko asmoarekin asmoarekin - gaur egun erreferentea da Euskadin zein EBn -, Confebaskek eta ADEGI, CEBEK eta SEA bere elkarte kideek, Eusko Jaurlaritzako LH Sailburuordetzaren eta Euskadiko LH ikastetxeen sarearen eskutik, zabalkunde kanpaina berri bat abiarazi dute euskal enpresen artean, lema honekin: “EUSKADIKO LH DUALA: TALENTUA ZURE ENPRESARENTZAT”.

Kanpaina horrekin, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta Lanbide Heziketako Ikastetxeek aholkua eta laguntza eman nahi diete bat egiten duten enpresei, zuzenean, behar dituzten profesionalak prestatzeko.  

Aldi berean, ADEGI, CEBEK eta SEAk, Confebaskekin batera, hainbat egitasmo garatzen ari dira enpresei zuzenean azaltzeko LH dualeko programan sartzearen onurak; eta, bereziki, ‘enpresako trebatzaileak edo tutoreak’ prestatzeko, horien gainean geratzen baita bere enpresak hartzen dituen LH dualeko ikasleei zuzenean arreta eta prestakuntza emateko erantzukizuna, hori delarik programaren arrakastaren gakoetako bat, zalantzarik gabe.

Interesa duten enpresek CONFEBASK ADEGI, CEBEK edo SEAra jo dezakete, edo Euskadiko LHko edozein ikastetxetara, edo zehaztasun gehiago aurkitu dezakete www.fpeuskadidual.eus webgunean.