Confebask, Hetel, Politeknika Txorierri eta Adegiren arteko itunak, “Global Training” programako 60 beka kudeatuko ditu LHko eta Unibertsitateko tituludun gazteek Europa, Amerika eta Asiako enpresetan praktikak egin ditzaten

  • Beka horiei esker, EAEko gazteek beraien prestakuntza praktikoa handituko dute Europako, Estatu Batuetako, Hego Ameriketako eta Asiako hogei bat herrialde ezberdinetako enpresa eta erakundetan
  • Unibertsitateko eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasketak dituzten 30 urtetik beherako tituludunentzat izango dira bekak
  • Gutxienez 6 hilabete iraungo dute eta onuradunek batez beste 1.400 € jasoko dituzte hilean
  • Global Training bekak eskatzeko epea 2019ko uztailaren 15an hasiko da, eta irailaren 13an amaituko da
GLOBAL TRAINING

Confebaskeko Arantza Vigiola, eta Adegiko Mikel Sarriegi, besteak beste, Arantxa Tapia sailburuarekin batera aurtengo kanpaina aurkezterakoan

 

global training

2019-07-12

CONFEBASK, HETEL, Politeknika TXORIERRI eta ADEGIren arteko itunak, 60 beka kudeatuko ditu, SPRI (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Erakunde Publikoak, atzerrian praktikak egiteko berriki abian jarritako Global Training programaren barruan.

Programak EAEko tituludun gazteen nazioarteko mugikortasuna erraztuko du. Izan ere, mundu zabaleko enpresa eta erakundeetan beren profil akademikoaren araberako   jarduerak eta proiektuak gauzatzeko aukera izango dute.

Erakunde hauek Global Training beken inguruan lortutako akordioak lau erakundeen arteko lankidetza bultzatu egingo du. Laurak ere erreferenteak dira arlo horretan eta esperientzia luzea dute nazioarteko mugikortasunaren arloan, Global Training beken aurreko edizioetan parte hartu dutelako eta aurretik, Europako Erasmus+ antzekoak.

“Global Training” bekek enplegagarritasuna hobetzea eta gazteak nazioartera irtetea dute helburu, haien prestakuntza eta gaitasun-profila euskal enpresen lehiarako beharretara hobeto egokitzeko.

Beken ezaugarriak

Bekak eskuratzeko orduan, honako ezaugarri hauek hartuko dira aintzat izangaien artean: praktikak egiteko enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea, horien jarduera-eremurako berariazko prestakuntza izatea eta eskainitako proiektuan eta lan-programan parte hartzeko hizkuntza-maila eta motibazioa izatea.

Bekek 6 hilabete iraungo dute gutxienez eta onuradunek batez beste 1.400 € jasoko dituzte hilean.  Kopuru horrekin, onuradunak helmugako lurraldera joateko gastuak, haien mantenua, ostatua eta Gizarte Segurantzako kotizazioa beteko dira. Orobat, bekak osasun-aseguru bat eta erantzukizun zibileko beste bat hartzen ditu barne praktikaldian zehar.

Euskaditik irten aurretik, bekadunek 50 orduko prestakuntza jasoko dute. Horretan, praktikari ekiteko modua ez ezik, kultura arteko negoziazioa, komunikazio-teknikak, elkarlana, adimen emozionala, berrikuntza eta beste batzuk ere landuko dituzte. Hautatuak azarotik aurrera abiatuko dira helmugara, honako herrialde hauetara: Alemania, Belgika, Brasil, Txile, ABE, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, India, Indonesia, Irlanda, Israel, Mexiko, Panama, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Hego Amerika eta Sri Lanka.

Global Training bekak eskatzeko epea 2019ko irailaren 13an amaituko da (eguerdiko 12.00etan), eta bekak eskuratu nahi dituztenek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte:

  • Eskaera-epea bukatu aurretik lortutako lizentziaren, diplomaturaren edo Lanbide Heziketako Goi Mailako tituluaren jabe izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-bizilekua izatea 2019ko urtarrilaren 1ean, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.
  • 30 urte beteta ez izatea 2019ko urtarrilaren 1ean (1989ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak izatea).
  • Atzerrian sei hilabeteko edo gehiagoko praktikak egiteko aukera ematen duten beste beka batzuen onuradun ez izatea (Europako mugikortasun-programak: Leonardo da Vinci, Erasmus+ eta abar).
  • Ingelesezko B1 maila (Goi Mailako Lanbide Heziketarako) edo  B2 maila (Unibertsitateko tituludunentzat) maila aurreratua izatea. Helmuga-herrialdeko hizkuntza-ezagutza ere aintzat hartuko da. Hizkuntza-maila hautapen-prozesuan zehar ere egiaztatu ahalko da.
  • Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duten zigor administratiboa edo penala ez izatea eta horretarako gaitasunik gabe uzten duen legezko debekupean ez egotea.

Beka eskuratu edo horri buruzko informazioa jaso nahi dutenek honako webgune honetara jo dezakete:  www.global-go.net