Jon Bilbao: ‘Gurea bezain ekonomia esportatzaile batean, ingurumenari buruzko ospe ona oso-oso positiboa da’

  • Confebaskek ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari buruzko Europako topaketa nagusietako batean parte hartu du, Basque Ecodesign Centerrek antolatuta, Bilbon
 
Jon Bilbao de Confebask

Confebaskeko Jon Bilbao, hitzaldia emoten atrilean 

Produktu eta zerbitzu hobeak ekonomia zirkular berri baterako” lemapean, Basque Ecodesign Meeting-BEM2017 topaketa joan den irailaren 19an eta 20an gauzatu zen, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Europan ekodiseinuari buruz egindako ekitaldi nagusietakoa izan da.

Basque Ecodesign Centerrek antolatuta, lankidetza publiko-pribatuko egitasmoa da, eta bere kideak dira CIE Automotive, EDP Naturgas Energía, Euskaltel, Eroski, Gamesa, Iberdrola, Ormazabal Velatia, Orona eta Vicinay Sestao euskal enpresak, Eusko Jaurlaritzako Ihobe eta SPRI sozietate publikoak eta Euskadiko kluster nagusiak; oraingoan, Confebask-eko Ingurumen Arloko zuzendari Jon Bilbaok ere parte hartu du.

Jardunaldien inaugurazioko konferentzian Jon Bilbaok irakurri zuen ponentzian nabarmendu zuenez, ‘30 urte daramatzagu buru-belarri lanean, euskal enpresentzat ingurumenaren hobekuntza lehiakortasuna irabazteko faktore bihurtzea lortzeko’.

Berez, Jon Bilbaok gaineratu duenaren arabera, kontuan hartu behar da ‘gurea bezain ekonomia esportatzaile batentzat, bere produktu eta zerbitzu asko ingurumeneko eskakizun altua duten herrialdeetara doalarik, ingurumenari buruzko ospe ona edukitzea bereizgarri lehiakorrerako faktore oso-oso positiboa da’.

Ildo horretan, Confebaskeko Arloko zuzendariak segurtatu duenez, orain garrantzitsua da ‘ekonomia zirkular batean lehiakorrak izatea, eko-berrikuntzak oro har, eta zehazki ekodiseinuak, ematen dizkigun tresnekin.

BEM2017 topaketan ordezkaritza izan duten sektoreen artean nabarmentzen dira makineria, elektrika-elektronika, berriztagarriak, garraioa eta mugikortasuna, enbasatzea eta enbalatzea, elikadura, IKTak, eraikuntzako materialak edo altzariak. Ekodiseinuari buruzko foroak enpresan erabaki estrategikoak hartzeko erantzukizuna duten bostehun profesional inguru elkartu ditu, zeinek interesa duten ekodiseinua eta produktuaren ingurumen berrikuntza erakundearen politiketan sartzeko, onura lehiakorrak lortzeko. Gainera, produktuen eta zerbitzuen diseinu industrialeko teknikariek eta profesionalek ere parte hartu dute, unibertsitatearekin eta administrazio publikoarekin batera.

“Aurtengo edizio honetan ekodiseinuak egiten duen ekarpena aztertu da, ekonomia zirkular bateranzko aldaketari eta enpresetan dituen inplikazioei dagokienez. Topaketa aprobetxatuko dugu errekonozimendua erakusteko ekodiseinua aplikatzen duten Euskadiko Enpresa Txiki eta Ertainei eta horiek babesten dituzten erakundeei, hala nola elkarteei eta kluster sektorialei”, adierazi du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak.