Eduardo Aretxaga: ‘Aurten krisiaren aurretik egiten ziren kontratu mugagabeen kopuru berera iritsiko gara’

Elkarrizketa Confebaskeko zuzendari nagusiarekin Onda Vascan 

Onda Vasca

Eduardo Aretxaga, Confebaskeko zuzendari nagusia, Onda Vascako Javier Vizcaino kazetariarekin (argazkia, Confebask)

Onda Vascari emandako elkarrizketa batean, Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Artexagak zera adierazi du Euskadiko enpleguaren kalitateaz galdetuta: ‘2017 honetan espero dugu gutxi gorabehera 70.000 kontratu mugagabe izenpetzea, krisiaren aurreko urteetakoaren antzeko zifra’. 

                Gainera, gogorarazi duenez, ‘Euskadin, gaur-gaurkoz, 10 langiletik ia 8k kontratu finko eta egonkorra dute’, eta zifra hori krisiaren unerik gogorrenetan ere mantendu da. Soldatei dagokienez, Eduardo Aretxagak LHKren azken zifrak eman ditu, eta, diotenez, ‘Euskadin dagoeneko %1,3 igotzen ari dira batez beste; eta, berez, estatuko soldatarik altuenak izaten jarraitzen dugu. Eta beste datu bat: orain dela egun gutxi jakin berri dugunez, Euskadin, lehen aldiz, soldatek Europako batez bestekoa gainditzen dute’.

Ildo horretan, Confebaskeko zuzendari nagusia soldatak igotzearen alde agertu da, hori bai, ‘enpresa edo sektore bakoitzaren egoeraren arabera, lehiakortasuna arriskuan jarri gabe, hori funtsezkoa baita biziraupena bermatzeko eta enplegua mantentzeko’. Eta zera gehitu du: ‘krisian zehar ere euskal enpresek ez dituzte oso murrizketa gogorrak aplikatu, eta orain ere ez dago soldatak hobetzeko galgarik’.  

               

Koiuntura, lan erreforma eta fiskalitatea

 

                Euskal ekonomiaren egoerari buruz, Eduardo Aretxagak uste du okerrena igarodugula. ‘2017 hau hazkunde jarraituko laugarren urtea izango da, eta enplegu gehiago sortuko da. Gainera, hazkunde sanoa da: Sektore guztietan, barne kontsumoan, inbertsioan eta esportazioetan bermatuta. Oraindik krisian zehar galdutako 6.000 enpresak eta 35. 000 lanpostuak berreskuratu behar ditugu, baina egun gauzak itxaropen eta baikortasun handiagoarekin ikusten ditugu: dena ez batzuek dioten bezain beltza’.

                Lan erreformaz galdetuta, Confebaskeko zuzendari nagusiak berriro dio: ‘zalantzarik gabe, hobetu daitezkeen alderdiak egongo dira. Baina uste dugu hurbileko beste krisi batzuetan baino enplegu gutxiago suntsitzeko balio izan duela, horien artean egonik Euskadin 90eko urteetan izan genuena, orain baino askoz langabezia gehiago sortu baitzen. Guk -jarraitzen du- langileekin adostu eta hitzartutako lan harreman alde egiten dugu, enplegu egonkorrak eta kalitatekoak sortu ahal izateko, enpresa proiektuarekiko elkarrekiko konpromisoarekin. Kontua da zenbat eta jende gehiago mantendu hainbat eta hobeto. Eta zenbat eta enpresa gehiago, orduan eta enplegu gehiago’. Euskadin, ziurtatu duenez, eta sindikatu batzuek kontrakoa dioten arren, ‘inoiz ez bezalako lan bakea dago: gauza bat  da sindikatu jakin batzuek komunikabideak erabiltzea ahozko konfrontazio dialektikoa etengabe mantentzeko, eta beste gauza bat da enpresaren egunerokotasunean gertatzen dena’.

                Azkenik, fiskalitateari dagokionez, nabarmendu du ‘Euskadin zergak estatuko eta Europako batez bestekoak baino handiagoakdirela.  Uste dugu politika fiskalak gure enpresen lehiakortasunaren alde jokatu behar duela -amaitzen du-, eta gogorarazi behar da sozietateen gaineko zerga enpresek ordaintzen dutela, ez enpresariek’.

                                                                                       ENTZUN ELKARRIZKETA OSOA