Confebaskeko lehendakariak enpresei buruzko CEOEren goi bileraren amaieran parte hartu du, Madrilen

  • Eduardo Zubiaurrek COVID-19ak eragindako krisiaren ondoren aurrera ateratzeko “enpresen konpromisoa” nabarmendu du
Eduardo Zubiaurre

Eduardo Zubiaurre, beraren dikurtsoaren une batean

2020-06-24

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak CEOEk Madrilen antolatutako enpresei buruzko goi bileraren itxieran parte hartu du gaur goizean. Bere hitzaldian, Euskadin koronabirusaren pandemiaren ondorioz dagoen egoera eta euskal enpresaburuen aldarrikapen nagusiak laburbildu ditu.

Eduardo Zubiaurrek gogorarazi duenez, Euskadin ondorioak sektore guztietan nabaritzen ari dira, baita industrian ere, euskal ekonomiaren parte handi batean: “Gure BPGren % 25 da, eta enplegu osoaren % 20 inguru”.

“Ohiz kanpoko egoera” honetan, euskal enpresen eskaera nagusia honako hau dela gogorarazi du Confebaskeko lehendakariak: ABEEak luzatzea eta edozein sektoretako arrazoi objektiboetara zabaltzea; enpresentzako eta enpleguarentzako laguntzen sare osagarri bat ezartzea, bai eta haien likidezia bermatzea ere, itxierak eta kaleratzeak saihestuko dituzten abal lerro nahikoekin”. Era berean, krisi hau gainditzeko epe ertain eta luzeko neurri batzuk azpimarratu ditu.

Horrekin lotuta, hauek aipatu ditu Eduardo Zubiaurrek: “Lehenik eta behin, ziurtasuna bermatuko duen egonkortasun instituzionala, eta, ondoren, “hurrengo hamarkadari begirako jarduera zehatzak, baldin eta herrialde lehiakorra izan nahi badugu”. Jarduera horien artean, hauek nabarmendu ditu: Digitalizazioa bultzatuko duen industria politika berria; bidezko trantsizioaren aldeko gizarte ituna; talentuaren eta pertsonen prestakuntzaren aldeko herrialde ituna; trantsizio ekologikoaren eta garapen iraunkorraren aldeko ituna; eta pandemia honek lehen lerroan jarri dituen sektoreei laguntza irmoa ematea, hala nola osasunaren sektoreari edo biozientziei”.

Azkenik, Confebaskeko lehendakariak “enpresen konpromisoa” nabarmendu du, ezinbestean egin beharko dugun “ahalegin kolektibo handia” dela tarteko, eta “elkarrizketa soziala eta akordioa” aldarrikatu ditu, “inoiz baino beharrezkoagoak diren tresna gisa”.