“Beharrezko da gizon eta emakume enpresariei aitortza sozial handiagoa egitea, herrialdearen eta bertako pertsonen garapenean egiten duten ekarpen garbiagatik”

  • Confebaskeko lehendakari berri Eduardo Zubiaurreren lehen prentsaurrekoa, Roberto Larrañagaren erreleboa gauzatu den Kontseilu Orokorraren ondoren
confebask

Roberto Larrañaga, irudiaren ezkerrean, eta Eduardo Zubiaurre

2019-07-18

Confebasken ohiko Kontseilu Orokorra elkartu da gaur, eta bertan ofizialdu egin da azken lau urteetan lehendakari izan den Roberto Larrañagaren erreleboa. Bere despedidan, Larrañagak eskerrak eman dizkie Kontseilu Orokorrari eta Confebaskeko talde eta elkarte kideei – Adegi, Cebek eta Sea – “Confebasken gidaritzan egin dudan lanean zuengandik jasotako hurbiltasun, adiskidetasun eta laguntasunagatik”.

Roberto Larrañagak bere agintaldiaren unerik nabarmenen errepaso labur bat egin du. Eta, nabarmendu duenez, “lau urteotako unerik bada beti gogoratuko dudana, hori da, zalantzarik gabe, 2017ko urrian antolatu genuen terrorismoaren biktima enpresarialak oroitzeko eta errekonozitzeko ekitaldia. Ohorea izan zen hura bezain ekitaldi egoki, merezi eta hunkigarria presiditzea. Bereziki hunkigarria izan da, baita ere, Confebaskeko lehendakari moduan, eta euskal enpresaburuen ordezkaritzan, Cepymek ematen duen saria jasotzea, terrorismoaren aurkako erresistentzia enpresarialagatik”.

 

Koiuntura

Horrez gain, Larrañagak gogorarazi duenez, “Confebasken sartu nintzenean egoera ekonomikoa zaila zen… Gaur egun 6. urteko hazkundean gaude”.

Ildo horretan, ondorego prentsaurrekoan dagoeneko Confebaskeko lehendakari berria denak zera azpimarratu du: “Euskadin susperraldi ekonomikoak erritmo onean jarraitzen du, eta, berez, aurreikuspenak mantentzen ditugu, bai 2019ko BPGa igotzeari buruz ,%2’5 inguru, bai enplegua sortzeari buruz, Gizarte Segurantzan 14.000 afiliatu berri sartuta. Enplegu mailarik onenean gaude 2008ko urritik, krisiaren aurreko maximoetan ia-ia. Urtearen sasoi honetan jada 973.000 kotizatzaile baino gehiago ditugu Gizarte Segurantzan, errekor historikotik 9.500era baino ez”.

Eta, gainera, Zubiaurrek gogorarazi du “kontratazio mugagabeko zifretan errekorrean gaudela: gaur egun Euskadin 537.000 lagun ari dira lanean kontratu mugagabearekin, krisiaren aurretik zeudenak baino 13.000 gehiago”.

 

Arriskuak eta erronkak

Aitzitik, Confebaskek lehendakariak hainbat mailatan dauden arriskuez ohartarazi du. Nazioartean, “ezagunak dira munduko merkataritzari ezarritako murrizketak”. Estatuan, “ezegonkortasun politikoa dago 2016tik, eta horrek ez du laguntzen ez jarduera ekonomikoan ez inbertitzeko erabakietan”. Eta Euskadiri dagokionez, “kontua da autogintza, altzairua edo Makina Erreminta bezain sektore garrantzitsuek aitortzen dutela arreta handiz ari direla jarraitzen maila globalean gertatzen ari dena, bete-betean eragiten dielako, kontuan hartuta euren ahalmen esportatzailea. Oraingoz ez dago alarmarik… baina erne daude”.

Erronkei erreparatuta, Eduardo Zubiaurrek hainbat azpimarratu ditu: “Euskadin egonkortasun instituzionala mantentzea, enpresen fiskalitate lehiakorragoa, energiaren kostua Europako lehiakideen parekoa izatea, euskal Y-a amaitzea, edo lan harreman modernoak izatea, garai berrietara egokituak, konfrontazio eredua atzean utzita”.

Gainera, Zubiaurrek nabarmendu du beharrezkoa dela “emakumea lan merkatuan erabat sartzea, oro har, baina bereziki adar industrialetan: ezin dugu onartu gure talentuaren erdia alde batera geratzea”; eta berdin Gizarte Segurantzaren etengabeko hobekuntza, zalantzarik gabe - gaineratu du -, lehentasun bat delako euskal enpresarentzat”.

 

Enpresa eta euskal gizartea

Azkenik, komunikabideen aurrean egindako agerraldia amaitzeko, Eduardo Zubiaurrek gogorarazi du “euskal enpresa dela aberastasuna eta enplegua sortzeko bermea. Eta, sortzen eta ordaintzen dituen zergekin, modu erabakigarrian laguntzen du gure ongizate egoera berezian. Euskal enpresa euskal gizartea da: solidarioa, lehiakorra delako; eta lehiakorra, solidarioa izateko”.

Amaitzeko, Confebaskeko lehendakariak hau azpimarratu du: “beharrezko da gizon eta emakume enpresariei aitortza sozial handiagoa egitea, herrialdearen eta bertako pertsonen garapenean egiten duten ekarpen garbiagatik. ‘Ezkutu sozial’ horrek ekintzailetza, berrikuntza eta ongizate komuna bultzatzen ditu, eta horiek dira bizi garen eta gure seme-alabentzat nahi dugun euskal gizartearen hiru zutabeak”.