“Elkarrizketa sozialaren mahaiak irtenbidearen parte izatea ahalbidetzen digu, ez arazoaren parte izatea; gainera, gure erabakien erantzukizuna partekatzea ahalbidetzen digu”

05-05-2022
Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari buruz Cadena SER kateak antolatutako eztabaida batean, Confebaskeko arlo juridiko-laboraleko zuzendari Virginia Mugicak ziurtatu duenez, “foro horretan parte hartzeko arrazoi nagusia da esparru sozio-laboralean sortzen diren erronkei aurre egiteko irtenbideetan parte hartzeko aukera ematen digula. Azken batean, elkarrizketa sozialari esker, irtenbideen parte gara, ez arazoaren parte”. Baina, horrez gain, Virginia Mugikak horren beste bertute batzuen balioa nabarmentzen du: “Halaber, kezkatzen gaituzten gaietan, ordezkatzen ditugun kolektiboen –sindikatuak eta geu– interes legitimoa lantzen laguntzen digu, aurrerapen maila handiagora eramango gaituen adostasunera iristeko. Laburbilduz - gaineratu du -, elkarrizketa sozialean parte hartzea nahitaezkoa da, gure funtzio nagusia, hau da, politika publikoen diseinuan gure interesak txertatzea, betetzeko aukera ematen digulako”.

Enpresei emandako kreditu berria %25 hazi da otsailera arte

05-05-2022
Confebasken enpresen finantzaketari buruzko azken newsletterrean zehazten denez (ikusi hemen), enpresei oro har emandako kreditu berriak gora egin du urteko lehen bi hilabeteetan, 2021ean izandako beheranzko joera hautsiz. Zehazki, ia %25 hazi da (%24'9), hau da, 2021ean kredituan etendako hazkundearen bidea berreskuratu da. Otsailera arte, kredituaren igoera handiagoa izan da enpresa handiei emandakoan (+%32,3), ETEei emandakoan baino (+%18,2). Nolanahi ere, igoera hori gorabehera, 2022ko lehen bi hilabeteetako kreditu maila 2007ko maximoa baino %62 txikiagoa da oraindik.

“Euskadin unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana inoiz baino estuagoa da gaur egun, elkarlanari eta lankidetza publiko-pribatuari esker”

04-05-2022
Gaur goizean Lehendakaritzan 2022-2026ko Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia aurkeztu dela eta - Confebask horren partaide da -, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak aprobetxatu du horren ildo estrategiko nagusien garapenean orain arte lortutako emaitzak oso positibo baloratzeko. Ildo horretan, Aretxagak zorionak eman ditu elkarrekin egindako lanagatik eta emaitza bikainengatik, bere ustez, “Euskadi estatu mailako erreferente gisa kokatzen delako unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzan”. “Lankidetza publiko-pribatuari eta elkarlanari esker – Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatua –, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana Euskadin inoiz baino sendoagoa da gaur egun, eta horrek pertsonen enplegagarritasuna eta prestakuntza hobetzea eta gure enpresen lehiakortasuna ekartzen du”, Eduardo Aretxagak ondorioztatu duenez, zeina Confebasken ordezkari izan baita, Asier Aloria Prestakuntza, Talentu eta Enplegu zuzendaria ondoan zuela.

“Berandu goaz, eta guztion nahasmen eta sumindurarako ez dugu ikusten beste herrialde batzuetan bezala neurriak hartzen ari garenik”

24-03-2022
Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek berriro adierazi du kezkatuta dagoela duela hilabete batzuetatik hona “tamaina eta sektore guztietako” euskal enpresek duten egoerarekin, energiaren kostu handiagatik, eta, orain, baita garraiolarien grebagatik ere. “Aspalditik ari ginen ohartarazten energiaren kostua jasanezina zela, eta orain Ukrainan gerra bat hasi da, egoera are gehiago larriagotu duena. Asteak daramatzagu arazo horien guztien berri ematen, eta, guztien nahasmen eta sumindurarako, ez dugu ikusten neurriak hartzen ari direnik beste herrialde batzuetan egiten ari diren bezala".

Confebaskek energiaren prezioak finkatzeko metodoa aldatzeko eta RED mekanismoa aktibatzeko eskatu du

15-03-2022
Eusko Jaurlaritzak, sindikatuek eta Confebaskek parte hartzen duten Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak (ESM) gaur egin behar duen bileraren esparruan, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea Ukrainako gerra aipatuz hasi du bere hitzaldia. “Agerikoa denez, katastrofe humanitarioa egitate bat da dagoeneko, eta, zalantzarik gabe, gerra lehenbailehen geldiaraztea da lehentasuna. Europar Batasunak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek hartutako presio neurriek, xede hori lortzeko, Errusiaren finantzaketa ‘itotzea’ dute helburu, eta egoki ari dira. Hala ere, zigorrak ez dira kaltegabeak, eta oso ondorio larriak ekarriko dituzte, eta horietaz ohartu behar dugu, era berean, gaur egun gure enpresentzat jada kezkagarria den egoera arintzeko neurriak har ditzagun.